Merkatu plaza bultzatzeko ekimena hasi dute Durangaldeko nekazariek

Anboto 2011ko mai. 25a, 09:34

\'Baserritik plazara\' izendun mantelekin jardungo dute zapatu honetatik aurrera. Euren burua ezagutaraztea eta merkatuko jarduera bultzatzea da nekazarien helburua.

Zapatu honetatik aurrera “Baserritik plazara” izendun mantelekin jardungo dute Durangaldeko nekazariek Durangoko merkatu plazan. Euren burua ezagutarazteko beharrean hasi dira nekazari horietako batzuk: “gure generoagaz eta sasoian sasoiko produktuekin bakarrik beharra egiten dugun nekazariak gara”,azaldu du nekazarien izenean Urdaspal Alberdik.

Udalagaz eta merkatariekin hartuemanetan hasi dira, baina “zain egon barik” plaza bultzatzeko “pausoak ematea” erabaki dutela adierazi du Alberdik. Merkatu plazan azken hogeita hamar urteetan baserritarren kopurua “erdira” bajatu dela adierazi dute nekazariek, eta “erosleak berriz, gehiago”. Indarra galdu badu ere, plaza zuzeneko salmentarako “oso leku interesgarria” dela diote eta horregatik ikusten dute Durangoko plaza zaindu eta bultzatzeko premia.

Plazako baldintzak ez dira egokienak nekazarientzat: “askok furgonetan generoaz gain mahaiak ekarri behar izaten dituzte plazan lekurik ez dutelako”. Baldintza horiek hobetzeko eskatu dute nekazariek, eta laster udalagaz batzartzekotan dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!