Abadiñoko Ezker Abertzaleko lan talde batetik irten eta Urkiola landa garapen elkartean mamitu den Baserritik plazara egitasmo berriak baserritar ekoizleei bultzada ematea eta duintasunez lan egin dezaten baliabideak eskaintzea ditu helburu.
Abadiñoko Ezker Abertzaleko lan talde batetik irten eta Urkiola landa garapen elkartean mamitu den Baserritik plazara egitasmo berriak baserritar ekoizleei bultzada ematea eta duintasunez lan egin dezaten baliabideak eskaintzea ditu helburu. Ekimenak orain antolatzen diren merkatuetan eragin gura du, baina espazio berriak sortzea ere bilatzen du.
Bide horretatik, datorren barikuan hasita, martxoaren 4an, Eroski supermerkatuaren kanpoaldean 12 postugaz osaturiko merkatua antolatuko dute hileko lehenengo barikuetan. Merkatu horretan, Durangaldeko ekoizleen produktuak erosteko aukera egongo da, 17:00etatik aurrera.
Ekimenagaz, alde batetik, kontsumitzaileei babesa eskaini gura diete birsaltzaileen aurrean; ekoizle ez diren saltzaile horien aurrean, kontsumitzaileei bermea eskaini gura diete, erosten dutena benetan eskualdeko ekoizleena dela adieraziz.
Ekimenagaz bat egin duten ekoizleek eta Urkiola elkarteak akordioa sinatu dute, bakoitzaren konpromisoak zehaztuz. Horrela, bestek beste, postuetan ekoizleen gaineko datuak jakinaraziko dituzte (izen-abizenak, jatorria, produkzio mota…). Modu horretara, ekoizle horiek beren beregi ekimen honetarako sortutako logotipoekin atondutako postuetan salduko dute: \"Kontsumitzaileekin hartu-emana sendotu gura dugu. Sortu dugun logotipoa ikusten duenak argi izan dezala postu horretan saltzen diren produktuak bertako saltzaileenak direla eta eurek ekoitziak\", azaldu du Juan Mari Totorika Urkiola landa garapen elkarteko gerenteak.
Abadiñoko Traña-Matiena auzoko azoka txikian ere ezarriko dute egitasmoa. Datorren eguaztenetik aurrera ekimeneko ekoizleek logotipo berriko postuetan salduko dituzte produktuak; standak ere bereziak izango dira.