'Begira': erakusketa, berbaldi eta tailerren lehenengo edizioa

Anboto 2011ko mai. 24a, 08:20

Argazkigintza garaikideari buruzko topaketa da Durangon lehenengoz antolatu duten Begira; ekainerako eta uztailerako proposamenak dakartza

Argazkigintza garaikideari buruzko topaketa da Durangon lehenengoz antolatu duten Begira; ekainerako eta uztailerako proposamenak dakartza.

Roger Guaus kataluniarraren ekainaren 3tik 26ra arteko erakusketak zabalduko du Durangon argazkigintza garaikideari buruz antolatu duten Begira topaketa.

Esperientzia pertsonalean eta eguneroko bizitzan oinarritutako argazki-egunkaria da Guaus-ek Durangoko Arte eta Historia Museora dakarren Arrelat-Arraigado izenekoa.


Ekainean eta uztailean izango diren argazkizaleei zuzenduriko hitzorduetan, Durangaldeko argazkilari profesionalek ere hartuko dute parte: batetik, uztailaren 2an eta 3an izango den Sortze-planteamendutik ediziora tailerra gidatuko du Txelu Angoitia argazkilari durangarrak. Tailer horretan, “planteamendu fotografikoari edo edizioari irtenbidea bilatzeko bideak” proposatuko ditu, besteak beste, Txelu Angoitiak.


Jesus Mari Arruabarrena argazkilari durangarraren lanen erakusketa ere antolatu dute Begira honen barruan: uztailean izango da “jainkozkoari eta paganoari”  buruzko Ckristopaganía.


Ricky Dávila argazkilari bilbotarrak gidatuko du topaketaren barruko bigarren tailerra: Argazkilaritza ikuskera pertsonal bezala izeneko saioa izango dute argazkizaleek uztailaren 1ean, 2an eta 3an aukeran. Tailerretan izena emateko: 658 70 82 64 edo  begiraphoto@gmail.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!