Elkarrekin hazitako eskualdeko argazkilari bi Begira topaketan

Anboto 2011ko eka. 29a, 09:57

Uztailaren 1ean zabalduko du Ezkurdi aretoan argazki erakusketa Jesus Mari Arruabarrenak eta asteburuan argazkigintza tailerra gidatuko du Txelu Angoitiak, Durangoko Begira argazki topaketan parte hartuz

Uztailaren 1ean zabalduko du Ezkurdi aretoan argazki erakusketa Jesus Mari Arruabarrenak eta asteburuan argazkigintza tailerra gidatuko du Txelu Angoitiak, Durangoko Begira argazki topaketan parte hartuz

 

1987an argazkigintzaren gaineko jaialdi bat egin zuten Durangon. Izan zineten bertan?
Txelu Angoitia: Oso gazteak ginen orduan! Uste dut nik jaialdiaren barruan antolatu zuten lehiaketara bidali nuela lanen bat. Oso jaialdi potentea izan zen: AEBetatik etorri ziren emaileak... Leopoldo Zugazak antolatu zuen jaialdi hura, gaur egun Zarauzko Photomuseumaren arduraduna denak.
Jesus Mari Arruabarrena: 1987ko jaialdi hartan Merkatu plazan moketa ipini zuten, eta orduan guri sinesgaitza egiten zitzaigun arren egin zuten apustua zelako indartsua izan zen islatzen du.

 

Durangaldeko argazkilariak  sareren bat osatzen duzue?
T.A.: Badago halako logia masonika bat argazkilari batzuen artean, bai... (barrez). Kasu honetan, Leo Simoes antolatzaileak egin zigun parte hartzeko gonbita.

 

Hartu duzue parte jaialdiaren orainarteko ekitaldietan?
 T.A.: Joan zen astean, Roger Guaus-ek eskaini zuen berbaldian egon ginen biok. Ekarpen interesgarriak izaten dira halako hitzorduak, dela argazkiengatik dela  argazkilariaren diskurtsoagatik.
J.M.A.: Guk egiten dugun argazkigintza eta Guausen lana desberdinak dira, baina interesgarria izan zen.
Uztailaren 1ean zabalduko duzuen erakusketa dakarzu zuk, Jesus Mari. Zeren ingurukoa da?
J.M.A.: Ckristopagania izena dauka erakusketak, eta jaietan eta elizkizunetan egindako argazkiak dira. Ikuspegi nahiko interpretatibo eta korrosiboa daukala uste dut. Zerua eta lurra; jainkoa eta pertsonaren bizipoza jartzen ditu parez pare, besteak beste.

 

Non eta noiz egindakoak dira erakusketako argazkiak?
J.M.A.: Gehienak Nafarroan egindakoak dira; Nafarroako erromerietan, inauterietan eta abar. Bertan konturatu nintzen fedea zein jaia oso modu neurribakoan adierazten dutela bertan. San Ferminak dira nahaste hori ikusteko aukera paregabea: goizean prozesioa daukazu, eta inguruan gau-paseroak... Horrek eman zidan klabea. Gero, besteak beste, Tarazonan edo Burgosen ere egin ditut argazkiak. Orain hamar urte inguru hasitako lana da.
Tailerra eskainiko duzu bihar eta etzi zuk, Txelu. Antzeko tailer bat gidatuko duzun lehenengo aldia da?
T.A.: Tailer bat horrelako formatu laburrean ematen dudan lehenengo aldia izango da, baina aurretik tailer luzeagoak eman izan ditut urtero.

 

Pentsatuta daukazu asteburuko tailerra zelan planteatu?
T.A.: Parte-hartzaile bakoitzaren lanetatik abiatuta, lana aurkezten duenari bere lanean aurrerapausoak emateko tresnak eskaintzen zaizkion espazioa sortzea da asmoa: bideak zabaltzen laguntzea. Parte-hartzaile bakoitzak bere argazki lanak ekarriko ditu, eta bakoitzak bere mailan aurrerapausoak ematea da helburua. Proposamen kreatiboak eskainiko ditugu, eta lanari etekinik handiena zelan atera landuko dugu.

 

Ikasle moduan jardun izan duzue halako tailerretan?
T.A.: Bai, eta oso aberasgarriak izan dira beti. Hasieran biok izan gara autodidakta, baina oso maila handiko jendeagaz hainbat tailer egiteko aukera izan dugu. Elkarrekin joan izan gara sarritan.

 

Eskertzen duzue hau lako jaialdi bat izatea Durangon?
T.A.: Nik uste dut, batez ere, elkarrekin egoteko aukera direla horrelako topaketak. Batzuetan argazkigintzagazko zaletasuna norekin konpartitu ez duzu izaten inguruan, eta hartu-eman zuzenerako aukera polita da.
J.M.A.: Sintonia bat sortzen da. Parte hartzen duen jendeagaz konpartitzeko aukera egoten da. Argazkigintzagazko interesa konpartitzeko espazioa da.

 

Biok ardatz beraren inguruan jarduten duzue argazkigintzan.
T.A.: Bai, esan liteke baietz. Dokumentalismo subjektiboa deitzen den horren barruan geundeke biok. Errealitatea da gure lehengaia, eta bere diskurtsoa eratzen saiatzen da bakoitza. 

 

 

Kamerari helduta, intuizio bati konpromisoz jarraituz

Argazkigintzari dagokionez elkarrekin hazitakoak direla kontatu digute belaunaldi berekoak ere badiren Txelu Angoitia eta Jesus Mari Arruabarrena Durangaldeko argazkilariek.
Beste ezeren gainetik argazkigintza “eskape bat da guretzat”, azpimarratu digute sortzaileek: “Gehien disfrutatzen duguna, argazkiak egiteko momentua bera izaten da”.

 

Aldi berean hainbat ideia garatzen jarduten dute Angoitiak zein Arruabarrenak. “Biok gara nahiko dispertsoak; aldi berean, hainbat bide zabalduz egiten dugu lan”, azaldu digute.


Publiko zabalaren gustuko izaten diren “paisaia ikusgarri eta koloretsuen bila” barik, momentuko bestelako intuizioei jarraituz egiten dute euren lana Durangoko I. Begira topaketan parte hartuko duten argazkilari biek. Argazkigintza pertsonal hori ikuslego oso zehatzak izaten ei du gustuko, eta ez ei da erraza izaten halako lanak sozializatzea. “Gaur egun aukera interesgarria  autoeditajea da”, diosku Arruabarrenak: “Argazki liburuak norberak argitaratzea”.

 

“Proiektu batek zer forma hartuko duen konturatzen zareneko sentsazioa oso polita izaten da: argazkiei koherentzia ikusten hasten zaren unea”, esan digu uztailaren 15era arte Begira jaialdiaren barruan erakusketa izango duen Arruabarrenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!