Sagastako eta Miotako bazterrek jantzita ailegatuko da 'Inurri Itsuak' filma

Ekaitz Herrera 2026ko irailaren 1a

Itziar Ituño aktorea Josefa pertsonaia gorpuzten, Sagastan. INURRI ITSUAK

Euskarazko filma Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute urriaren 9an. Igor Legarretak zuzendu du ikus-entzunezkoa. Aktoreen artean, Itziar Ituño, Urko Olazabal, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga daude. Baserri-giroko "western tragikoa" da filma. 

Sagastako (Abadiño) eta Miotako (Elorrio) baserri inguruak pantaila handira ailegatuko dira laster. Inurri itsuak pelikulako sekuentzietako batzuk bazter horietan filmatu zituzten iazko apirilean, eta lan osoak Donostiako Zinemaldian ikusiko du argia, Zinemira sailean, urriaren 9an. Horren ondotik ailegatuko da filma gainerako zinema aretoetara.

Denborale gogor baten ondorioz, ikatzez beteriko itsasontzi ingeles batek hondoa jotzen du Bizkaiko kostaldean, eta Algortako bizilagunek urre beltza eskuratzeari ekiten diote. Hori da istorioaren abiapuntua, eta hori da Igor Legarreta zinemagileak planorik plano eraiki duen istorioa. Izan ere, Sabas Jauregi pertsonaiak (Urko Olazabal) ikatza eskuratzeko aukera paregabea ikusiko du itsasontziak hondoa jotzean. Alabaina, haren emazte Josefak (Itziar Ituño) ikatza hartzea erabaki txarra izan daitekeelakoan dago. Sabasek ekaitz bortitzerantz eramango ditu seme-alabak, eta familiak egundokoak egin beharko ditu eskura dituen aukeren artean: ikatza hartuta neguari aurre egin ahal izango diote, baina baita betirako kondena jasotzera arriskatu ere. 

Pelikula 1935ean girotuta dago, eta Ramiro Pinilla idazlearen Las ciegas hormigas eleberria du oinarri. Aktore lanetan honako hauek daude: Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos daude, baita Patxi Bisquert, Unax Hayden, Daniel Cabrera, Kimetz Etxabe, Markel Cocó, Anuk Puertolas eta Elena Uriz ere. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!