'Inurri itsuak' pelikula filmatzen dabiltza Sagastako eta Miotako baserri banatan

Ekaitz Herrera 2025ko api. 10a, 19:30

Euskarazko filma da, landa-eremuan girotutako "western tragikoa". Aktoreen artean Itziar Ituño, Urko Olazabal, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Patxi Bisquert daude, eta istorioa Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberrian oinarrituta dago. Igor Legarreta da filmeko zuzendaria. (Argazkiak: Nicolás de Assas)

Abadiñoko Sagasta eta Elorrioko Miota auzoetako baserri bi pelikula bateko eszenatoki izaten ari dira egunotan. Inurri itsuak filmeko lantaldea hainbat sekuentzia filmatzen ibili da leku horietan bietan. Pelikula Igor Legarreta zinegilearen hirugarren lan luzea izango da (Ilargi guztiak eta Cuando dejes de quererme pelikulak egin ditu orain arte) eta Ramiro Pinillaren izen bereko eleberria, Las ciegas hormigas, izango du ardatz. Hori bai. Pelikula euskaraz filmatzen dabiltza. Legarreta bera arduratu da euskarazko gidoia idazteaz, Andoni de Carlos lagun (Azken horrek gidoilari lanak egin zituen Handia eta Faisaien irla filmetan zein Altsasu seriean). Sagasta-Etxebarri eta Miota gaineko lokalizazioez gainera, filma Bilbon, Galdakaon, Getxon, Gorlizen eta Mundakan ere dabiltza errodajea egiten.

Pelikulan 1935ean girotutako istorioa kontatuko dute: denborale gogor baten ondorioz, ikatz tona batekin beteriko itsasontzi ingeles batek hondoa joko du Bizkaiko kostaldean. Gauez, Algortako bizilagunak itsasertzean pilatzen dira urre beltza eskuratzeko. Sabas Jauregi pertsonaiak ikatza eskuratzeko aukera paregabea ikusiko du gertakari horretan; alabaina, haren Josefa emaztea ikatza hartzea erabaki txarra izan daitekeelakoan dago. Emaztearen erreguei jaramonik egin barik, Sabasek ekaitz bortitzerantz eramango ditu seme-alabak, eta familiak egundokoak egin beharko ditu eskura dituen aukeren artean: ikatza hartuta neguari aurre egin ahal izango diote, baina baita betirako kondena jasotzera arriskatu ere.

Filmeko errodajeko une bat (Argazkia: Nicolás de Assas).

Igor Legarreta zuzendariak Pinillaren jatorrizko liburua irakurrita erabaki zuen filma egitea. Halantxik azaldu du eleberritik pantaila handirako saltoa: "Zoritxarrarekiko erresilientziari eta gizakiaren biziraupenaren aldeko betiereko borrokari buruzko istorio zirraragarria da, humanismoz beterikoa. Filma landa-giroko western tragiko bat izango da, pertsonaia handiak izango dituena". Gainera, istorioak gaurkotasunari loturiko gaiak ekar ditzakeela iritzi dio, "pobrezia energetikoa", esate baterako.

Aktore ezagun ugari

Pelikulako pertsonaia nagusiak Urko Olazabal (Maixabel, Soy Nevenka), Itziar Ituño (La casa de papel, Loreak, Intimidad, Irati), Josean Bengoetxea (Balenciaga, Errementari, Loreak), Miren Gaztañaga (Azken erromantikoak, Ane, El hoyo), Unax Hayden (20.000 erle espezie, Irati) eta Patxi Bisquert (Oreina, Tasio) dira. Ekoizleen atzean honako hauek daude: Bruja del Norte Films, Lamia ekoizpenak, Lazona Zinema, Sideral Cinema, Buendía Estudios Bizkaia, SLU eta Caviar Antwerp BV.  Filmak EITBren eta Atresmedia Cine ekoiztetxearen parte-hartzea du, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Halaber, Elkargi, SGRren eta Kutxabanken finantzaketa du.

Filmeko errodajeko une bat (Argazkia: Nicolás de Assas).

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!