ECS Mobility enpresan "kaleratze selektiboak" salatu ditu LAB sindikatuak. Oharrean azaldu dutenez, gutxienez LABeko bost afiliatu kaleratu dituzte. "ECS Mobility enpresako langileen artean kezka sakona sortzen duen egoera bat gertatzen dabil azken hilabeteotan, enpresak aurrera eraman duen politika dela eta: kaleratze selektiboak, hitzarmen kolektiboko hainbat atal ez betetzea, lan-baldintzak okertzea eta langilean artean ziurgabetasuna eta presioa", azaldu dute.
Bestalde, enpresa hau guztia ELSko (enpresaren aldeko sindikatu independientea) kideen lankidetzaren babesagaz egiten dabilela esan dute sindikatuko kideek. "Enpresa plantilla murrizteko estrategia jarraitua garatzen ari da, eta, aldi berean, LAB sindikatuko kideak uxatu guran dabiltza", gaineratu dute.
Horrez gain, ECS Mobilityn gertatzen ari dena ez dela "erabaki isolatu baten" emaitza kritikatu dute. "Estrategia horren helburua plantilla ahultzea da, sindikatuek erabakiekiko duten desadostasuna zigortzea eta helburu kolektiboak dituen edozein oposizio sindikal antolatu, koherente eta ez-pertsonalista ezabatzea", bukatu dute LABeko kideek.