MUGIKORTASUNA SARETZEN

Gidabaimenaren argazkia Durangaldean: 10 gidaritik 6 gizonak dira; 4 emakumeak

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 19a

Baserri giroko herrietan, emakume gidarien kopuruak gora egin du 10 urtean.

ANBOTOk Saretzen egitasmoaren lanketa berri bat plazaratu du Tokikomeko herri komunikabideekin eta EITBgaz elkarlanean. Hedabide guztiek hartu dute mugikortasunaren ertzak aztertzeko konpromisoa, eta honako hedabide honek generoan ipini du fokua, eskualdeko auto gidarien argazkia egiteko. IKEI ikerketa etxearen datuak erabili ditugu errepideetara hurreratzeko. Datuek ageri dutenez, genero arrakala ez da gizarteko beste eremu batzuetan bezain nabarmena, baina, hala eta guztiz ere, biztanleria aldetik emakumeak zertxobait gehiago izan arren, gizonek presentzia apur bat handiagoa dute errepidean: gidarien %43 dira emakumeak, eta %67 gizonak. Honako joera hau ere ikusi daiteke datuetan: hamarkada batean, puntu eta erdi igo da emakume gidarien presentzia: 2014an, adibidez, 4.536 emakumek zeukaten gidabaimena eskualdean, hau da, gidarien %41,9k. Hamar urte gerora, 2024an, gidarien %43,3 ziren emakumeak. Puntu eta erdi gehiago.

Datuek beste joera eta kasuistika batzuen berri jakiteko ere balio dute. IKEI ikerketa etxeko datu basearen arabera, Izurtzan nabarmen egin du gora emakume gidarien kopuruak. 2014an, udalerriko emakumeen erdiek baino gehiagok zuten gidabaimena: %55ek. Handik hamar urtera, eta biztanleriaren proportzionaltasuna kontuan hartuta, lautik hiru ziren, hau da, %75.

Gainerako udalerrietan ere antzera bateko joerak topatu daitezke, nahiz eta mugimenduok apalagoak izan. Mallabian, adibidez, %56 ziren emakume gidariak 2014an. 2024an, ostera, ia hamar puntu egin zuen gora kopuruak: emakume mallabitarren %65 irteten zen errepideetara.

Garaiko emakumeen artean berdintsua izan da joera: %51 izatetik %60 izatera pasatu dira. Eta Mañarian ere, apalago bada ere, gora egin du emakume gidarien kopuruak. %56 izatetik % 60 izatera pasatu dira.

Azpimarratzekoa da zerrendaturiko udalerri horiek guztiak landa eremukoak direla gehienbat, eta horrek beste errealitate bat ere ipintzen duela mahai gainean. Izan ere, garraio publikoa eta bere lotuneak baserri giroan urriagoak izan daitezkeela eta, horrek handitu egin lezake auto pribatuaren beharrizana, herrigune urbanoen aldean. Durangon eta Zornotzan, esate baterako, emakumeen %48k zuten gidabaimena 2014an. 2024an %51 ziren, hiru puntu gehiago. Zornotzan antzekoa da argazkia.

Baina, datuetara mugatu barik, istorio bila ere irten gara kalera. Emakume gidari bi elkarrizketatu ditugu. Axpeko Mila Arana Goikoetxea da euretariko bat, 82 urteko gidaria. Autoa egunero erabiltzen duela kontatu du, Axpe baketsuan bizi izanda behar-beharrezko tresna duelako errekaduak egiteko. Beste elkarrizketatua Eneritz Urzuriaga da. Automobilaren beste ertz bat aztertu dugu beragaz. Rally eta motor munduan emakumeek duten geroago eta leku nabarmenagoa, hain zuzen ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!