MUGIKORTASUNA SARETZEN

"Hasi nintzenean bi edo hiru ziren emakume kopilotuak, eta orain erdiak gara"

Aritz Maldonado 2026ko ekainaren 19a

Eneritz Urzuriaga eta Iosu Alberdi.

Eneritz Urzuriaga etxebarritarrak etxean beharbada ez, baina inguruan beti izan ditu motor zaleak. Kuriositateak bultzatuta edo, probatzera animatu ostean harra barruraino sartu eta Urzuriagak pasioz bizi ditu motoak eta autoak. Azken urteetan kopilotu legez dabil lehiatzen, batez ere; eta emakumezko pilotuekin aritu denean, ilusio berezia egin diola azpimarratu du. Alde horretatik, Emakumeak Automobilismoan elkartea egiten dabilen lana nabarmendu gura izan du. "Lan mordoa egiten dabiltza. Ni hasi nintzenean bi edo hiru ziren emakume kopilotuak, eta orain askoz ere gehiago gaude".

Nondik datorkizu autoekiko zaletasuna?
Ez dakit zehatz esaten. Aitak badu zaletasun apur bat, baina etxean inork ere ezingo luke esan "etxean txikitatik ikusi ditut kotxeak". Baina Etxebarri herri txikia da eta nire adineko gehienak mutilak; afizio handia dago eta normala da ikusten duzunaz zaletzea. Nik auto lasterketa asko ikusi dut, eta, jakina, autoan eta motoan ibiltzen hasi nintzen, mundu horren saltsan. 

Motoa ere asko gustatzen zait, baina kopilotu izateko aukera eskaini zidatenetik horretan ibili naiz zortzi bat urtean. Proba legez, Bizkaiko Rallye Balkoia proban parte hartu nuen eta hemen jarraitzen dut oraindino. Proba bat egin genuen lehenengo, notak hartzeko, eta horregaz etxeko tarte batean praktikatu genuen. Dena berria zen, baina konbentzitu egin ninduen. Motoagaz lehenago hasi nintzen; lehengusuari erosi nion nire lehenengo motoa. Hor ere berdin, ibili, jausi eta altxatzen ikasten da. Motoa fisikoagoa da eta ez naiz hainbeste lehiatu. 

Ordu asko eskatzen duen zaletasuna da.
Bai. Motor mundua ez dira asteburuak bakarrik, ez dira karrerak bakarrik. Horiek ordu asko kentzen dute, baina baita prestaketak ere. Horrez gainera, karrerak ikustera joatea ere gustuko dut. Beraz, bai, denbora asko eskatzen duen zaletasuna da. Denboraldia martxo inguruan hasten da, Gabiriako Rally Sprintagaz, eta urrira arte-edo irauten da. Baina dena ez dira karrerak, afizioa ere hor dago. 

Zelan eraikitzen da pilotuaren eta kopilotuaren arteko konfiantza?
Hainbat pilotugaz aritu izan naiz. Aukera eman zidan pilotuagaz hasi nintzen. Gero, Etxebarriko bategaz lasterketa batzuetan parte hartu nuen, eta ondoren Durangoko bategaz hasi nintzen. Azken urte biak Iosu Alberdi azpeitiarragaz egin ditut. Gidari berri bategaz hastea kostatu egiten zait, baina gero ordu mordoa egiten dugu elkarregaz eta ondo moldatzen gara. Lehenengo eta behin, konfiantza behar duzu zeure buruan, eta gero bestearengan. Hura ere zuk esaten diozunaz fidatu behar da. Esan dudan moduan, ordu asko pasatzen dugu elkarregaz, prestaketa lanetan, bidaiatzen, karreran... momentu onak eta txarrak daude, baina horrela ikasten da. 

Esango nuke motor mundua nahiko maskulinoa izan dela beti. Horrela izaten jarraitzen du?
Asko aldatu dela esango nuke. Oraindino ere behar mordoa dago egiteko, baina nire iritzian asko aldatu da, hobera. Ni hasi nintzenean, emakumezko kopiloturen bat edo beste ikusten zenuen, bi edo hiru. Eta orain erdiak inguru neskak garela esango nuke. Eta ibili naizen urteetan ikusi dut denek dutela laguntzeko gogoa, neska zein mutil izan. Askotan, poztu egiten dira neskak hain animatuta ikustean. Orain urte pare bat Emakumeak Automobilismoan taldea sortu zen eta horrek ere badu bere eragina; lan handia egiten dabiltza.

Pilotu aritzea gustatuko litzaizuke?
Sarri egiten didaten galdera da! (barrez). Gustatuko litzaidake, baina errespetua ematen dit. Gainera, hainbeste bider galdetuta, presio apur bat ere sentitzen dut. Egia esanda, pilotu dabiltzan neskek inbidia itzela ematen didate. Prest nagoenean, egingo dut. 

Badago motor zaletasunik Durangaldean?
Badago, bai. Orain sei urte etorri nintzen Durangaldera bizitzera, eta berez nire kuadrilla ez da hemengoa, baina baditut motor zaletasunak batzen gaituen lagun batzuk. Beti dut baten bat ondoan motoan ibiltzera joateko, edo Patrolagaz ibiltzera joateko, eta alde horretatik pozik nago, zorte handia daukadala esango nuke. Baliteke Etxebarrian dagoen besteko zaletasunik ez egotea Durangaldean, baina egon badago, batez ere Atxondo eta Elorrio inguruetan. 

Maria Aranberri eta Eneritz Urzuriaga. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!