60 bat urtegaz erabaki zenuen gidabaimena ateratzea. Zergaitik?
Bere sasoian atera behar nuela esan zidaten, baina utzi eta utzi, geroago atera nuen. Senarrari itxaroten egoten nintzen, Eibarren (Gipuzkoa) bizi ginen eta. Autobusean joaten nintzenean ere ordutegien menpe egoten nintzen. Lagun batek esan zidan: "Karneta atera beharko zenuke, auto txiki bategaz ezin hobeto moldatuko zinateke. Begira ni ere zelan ibiltzen naizen". Berak ere gerora atera zuen, eta horrek animatu egin ninduen.
Arantzatxo hori zenuen?
Neure buruari sarri esaten nion: "Zeinen ondo etorriko litzaidakeen gidabaimena izatea", baina gero ez nion garrantzirik ematen. Bere sasoian ahalegin bat egin nuen, baina haurdun geratu nintzen, bigarrenez. Gero, normala den moduan, beste hainbat gauza egin behar nuen, eta alde batera utzi nuen kontua. Kontzentratzea ere kostatu egiten zitzaidan. Alaba Ikastolan hasi zenean ikusi nuen aukera, eta ikasten hasi nintzen. Animatu egin nintzen, eta horrela jarraitu nuen.
Zelan aldatu zizun bizitza gidabaimena edukitzeak?
Independentzia itzela eman zidan. Baserrira etortzeko, umeekin egoteko, eta eurak batetik bestera eramateko. Bestela, lotuta nengoen autobusaren ordutegietara. Egin dudan gauzarik onena izan da.
Irakurleren bat dudan balego, animatuko zenuke?
Bai, jakina! Egin dezatela aproba, beldurrik barik. Lehenengo ahaleginean ez bada, aterako dute bigarrenean, edo hirugarrenean. Bestela, nik neuk egin nuen moduan. Baina atera dezatela, ez dira damutuko. Teorikoa lehenengoan atera nuen nik, baina praktikoa gehiago kostatu zitzaidan. Ahizpetariko batek ere atera zuen, baina gero ez zuen jarraitu gidatzen, eta uzten joan zen. Gaur egun nagituta dago eta ez du gidatzen. Nik beti eutsi diot. Sarri hartzen dut autoa, ahizpengana Durangora joateko, erosketak egitera joateko, makalik egon direnean ahizpak bisitatzeko, iloben bila joateko... Autoan joateak ate asko zabalik mantentzen dizkit. Gidabaimena izatea beharrezkoa dela esango nuke, batez ere landa eremuetako herritarron kasuan.
Inguruetatik bakarrik ez, bidaia luzeagoak ere egindakoa zarela entzun dugu, Donostiara eta.
Bai! Orain, baina, ezinezkoa da hara joatea, aparkatzeko ezinezkoa delako eta oso garesti dagoelako. Unai Etxebarria iloba txirrindulariaren lasterketetara ere joandakoak gara senarra eta biok. Lekutara, gainera! Behin Belgikaraino, Fleche Wallone klasikoa ikustera. Asier Etxebarriak emandako argibideekin heldu ginen haraino. Txandaka gidatu genuen. Esperientzia itzela izan zen.
Esperientziak zer erakutsi dizu?
Ez dut sustorik izan, eta urduri ere ez naiz ipintzen. Ezta autobidean ere, kamioi handien artean ibili arren. Bolanteari ondo eutsi, bidean adi joan, eta aurrera egitea da kontua. Hori bai, norberaren erritmora. Zertarako urduri ipini? Hobe da lasai joatea.
Kotxean musika entzuten joaten zara ala gurago duzu esatarien berbak entzun?
[Irratia piztu eta Gaztea dago sintonizatuta] Askotan entzuten dut irratia, bidelagun ona da autoan joateko, etxean telebista ona den moduan egonean egoteko. Kasu honetan, ilobek ipinitako sintonia da entzuten gabiltzana, eurek hori entzuten dute eta. Sarri merienda ematera joaten naiz eurengana. Gaur ez, jakina, zuekin geratu naizelako, eta euretariko bat, Arri, Lekeitiora joan delako.
Errepidea txirrindulariz beterik egoten da sasoi honetan.
Bai. Kontuz ibili beharra dago beti. Adi joan behar da kurbetan, eta batez ere goitik behera datozen auto eta txirrindulariekin.