ELA sindikatuko Uribarri Irigorasek adierazi du eskualdeko beharginek "oso babes zabala" eman diotela greba orokorrari. "Goizean, zazpi zutabe izan ditugu eskualdean, eta askotariko mobilizazioak egin ditugu herririk herri. Horrek mezu argi bat uzten du: Durangaldeko eta Euskal Herriko langileak ez daude prest prekarietatea onartzeko". Izan ere, Irigorasen iritziz, "geroago eta zailagoa da bizitza duina izatea". Halaber, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabaki dadin gura dute. "Ez dugu Madrilek inposaturikorik gura. Hemen bizi gara, hemen egiten dugu lan, eta hemen erabaki gura dugu. Prest gaude gure eskubideen alde borrokatzeko", esan du ELAko kideak.
LAB sindikatuak ere bat egin du irakurketa horrekin, greba "jarraipen zabala" izaten ari baita Garazi Biteri kidearen berbetan: "Oro har, dena dago itxita. Merkataritza-guneak eta enpresa handiak batez ere. Oso erantzun ona izan du grebak". Zornotzan, Iurretan, Atxondon, Abadiñon, Berrizen eta Zaldibarren errepideetara irten dute gainera. "Manifestazio motel horietan jende asko batu da", baloratu du Biterik.
Sindikatuek adierazi dutenez, ez da intzidentzia larririk egon goizeko piketeetan eta errepide mozketetan. "Durangaldeko sarrera guztiak kolapsatu gura genituen, eta lortu dugu", esan du Irigorasek.
Greba, Herri Ekimen Legegileari bizkarra eman ondoren
Iaz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herri ekimen legegilea aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzari pentsioak 1.080 eurora arte osatu zitzan eskatzeko. Alabaina, egitasmoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 145.000 herritarrek sinatu arren, Eusko Legebiltzarreko alderdiek bizkarra eman zioten gaia eztabaidatzeari. EAJk, PSE-EEk eta Voxek baztertu egin zuten auziari buruz eztabaidatzea. Ez zuten debatea tramitera onartu.
Greba orokorrak, hain zuzen ere, testuinguru horretan du sorburua. "EAJk eta PSE-EEk ez zutelako gaiari buruz eztabaidatzeko aukerarik ere eman", LABeko Garazi Biteriren berbetan. "Eta Confebaski gutxieneko soldata 1.500 euroan ezartzeko bilerak eskatu arren, hark ere etengabe ukatu dizkigulako bilerak. Gurekin batzea baztertu du. Horrenbestez, blokeo horren aurrean, greba orokorra beste biderik ez zaigu gelditu".
Sindikatuen esanetan "aberastasunaren banaketa" eta bizimodu duina bermatzeko diru-sarrerak dira grebaren oinarri. "Bizimoduaren kostua handitu egin delako, baina soldatak ez direlako maila berean igo. Euskal Herrian erabaki gura dugu hori guztia", adierazi du Biterik.