"Ez genuke ulertuko gure proposamena ez eztabaidatzea"

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 30a, 09:30

Pentsiodunen mugimenduak 7.000 sinadura baino gehiago batu ditu Durangaldeko herrietan, eta, guztira, 145.000 baino gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horiek guztiak Eusko Legebiltzarrera eraman dituzte, gaia eztabaidatu eta pentsioak gutxieneko soldatagaz parekatu daitezen eskatzeko ordezkari politikoei. 

Pilota, orain, alderdi politikoen teilatuan dago, proposamenaren edukia eztabaidatu baino lehenago gaia Legebiltzarrean eztabaidatu ala ez erabaki behar dute eta; hau da, eskaria tramitatu ala ez. Pentsiodunen mugimenduak aurreratu duenez, "ulertezina" izango litzateke ezezkoa jasotzea, eta "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sekula egondako Ekimen Legegilerik handiena" dela nabarmendu dute. ANBOTO Durangaldeko pentsiodunen mugimenduko kideekin batu da Herri Ekinaldi Legegileari buruz gehiago jakiteko: Elorrioko Jesus Aristegi eta Gurutz Sainz de Murietagaz, Iurretako Eguzkiñe Uriondo eta Maripi Mintegiagaz, eta Durangoko Matias Oregi eta Alberto Gaztelurrutiagaz.

Zer da Herri Ekimen Legegilean jaso duzuen eskari nagusia?
Jesus Aristegi: Azken urteotako pentsioen gorabeherak aztertu, eta liburuki batean jaso ditugu. Egondako murrizketak aletu ditugu, eta horiek guztiak kontuan hartuta proposamen bat planteatu diogu Legebiltzarrari. Guk erabilitako irizpidea 2017ko Europako Batzordeko Karta Sozialak markaturikoa da. Horren arabera, herrialde bateko soldata minimoak herrialde horretako soldata gordinen batez bestekoaren % 60 izan behar du, gutxienez, eta pentsiorik txikienak ere kopuru horretara heldu behar dira. Baina errealitatea bestelakoa da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 100.000 herritar baino gehiagoren pentsioa gutxieneko horren azpitik dago eta.    
Matias Oregi: Orain zazpi urte, pentsiodunen mugimendua martxan ipini genuenean, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan zedila eskatzen genuen. Kopuru hark pobreziatik ihes egiteko langa ezartzen zuen, zelanbait. Orain, ostera, esku artean dugun egitasmo honetan, ikuspegia beste bat da: pentsio minimoa gutxieneko soldataren parekoa izatea eskatzen dugu; hau da, 1.184 eurokoa. Eta zer eskatzen dugu hori horrela izateko? Ba, honako hau: Eusko Jaurlaritzak gutxiengora ailegatzen ez direnen pentsioak osatzea. Izan ere, pentsioen eskuduntza Espainiako gobernuarena den arren, Eusko Jaurlaritzak baditu gutxiengora ailegatzen ez direnen kopuruak osatu ahal izateko tresnak.

Zenbat sinadura batu dituzue Durangaldean?
Alberto Gaztelurrutia: 7.006, guztira. Durangon, Zornotzan, Iurretan, Mañarian, Elorrion, Atxondon, Berrizen, Zaldibarren eta Abadiñon ibili gara sinadurak batzen.      
J.A.: Egitasmo arrakastatsua izan da eta bide horretan jarraituko dugu. Hemendik aurrera, herririk herri hasi gura dugu honi buruz informatzen; besteak beste, berbaldiak antolatzen. Izan ere, ikusten ez den arren, herritar asko dago gutxieneko pentsiorik barik. Eta badaude herritar batzuk arrainik eta okelarik jaten ez dutenak euren pentsioa nahikoa ez delako. 
Eguzkiñe Uriondo: Hori batetik, eta bestetik, kontuan hartu behar dugu pentsio dezentea jaso arren, bizimodua garestitzen dabilela, eta, horrenbestez, zure diru sarrera murritz geratu daitekeela gastuei aurre egiteko. Bestalde, alarguntasun pentsioari buruz ere luze eta zabal berba egin daiteke. Momentu honetan, alarguntasun pentsioen kopuruak oinarri erregulatzailearen % 52 edo % 60 izaten dira, kasuaren arabera. Gure borroka ere bada kopuru horiek oinarri erregulatzailearen % 100 izatea. 
J.A.: Lehen, 12 urteko kotizazioa behar zen. Gerora, langa hori 15 urtera igo zuten, eta horrek jende asko bidean geratzea ekarri zuen. Gero, badaude bizitza laboraleko azken urteetan langabezian geratu eta horrek pentsioen kalkuluan igarri dituztenak. Autonomoak daude, alargunak. Oso kasuistika zabala dago pentsiodunen artean; Herri Ekinaldi Legegile honegaz errealitate horiei guztiei erantzun gura diegu. 

 

Zein da aurrerantzean Ekimen Legegileak egingo duen bidea?
M.O.: Giltza EAJk eta PSE-EEk dute esku artean. Demokrazia defendatzen badute, gure egitasmoa tramitera onartzen dutela ikusi beharko genuke. Tramiterako onartzen badute, Eusko Legebiltzarreko ordezkari politiko guztiek eztabaidatuko dute gure proposamena.
J.A.: Gure sinadura kopurua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emandako boto kopuruaren % 13 da, gutxi gorabehera. Herriak eskatzen duen zeozer da.
Mariapi Mintegia: Egitasmo handia da. Funtsean, aberastasuna banatzeko eta pobrezia desagerrarazteko proposamena da gurea. Pertsonari duintasuna ematekoa. 

Zein da Eusko Legebiltzarreko alderdien posizioa proposamenari begira?
A.G.: Pentsiodunen mugimenduak bilerak hasi zituen Legebiltzarreko alderdi politikoekin, urtarril aldean. Printzipio kontuak direla eta, Vox taldeagaz ez gara batu. Albo batera utzi ditugu, baina gainerako guztiekin bai, batu gara. Sumar alderdiak baiezkoa eman zigun, Herri Ekinaldia tramitatzearen alde egingo zuela esan zigun, eta proiektuaren edukia bere egiten zuela. EH Bilduk ere gauza bera esan zigun: aldeko botoa emango ziola proposamena tramitatzeari, eta bat zetorrela edukian planteaturikoekin. Alderdi popularrak eskaera tramitatzearen alde egingo zuela aurreratu zigun, eta edukiari buruz euren ikuspegia plazaratu eta emendakinak aurkeztuko zituztela iragarri ziguten. EAJk gaia aztertu behar zuela eta sinadura kopurua ikusi behar zuela esan zigun. Ez zuen posizio argirik hartu. Eta PSE-EEk ere, antzera, ez zuen posizio argirik hartu. Horrenbestez, lehen Matiasek eta Jesusek esan duten moduan, ez litzateke onargarria izango lanketa hau guzti hau eta sinadura horiek kontuan hartu barik gaia eztabaidatu ere ez egitea. Demokratikoki ulertezina litzateke. Gero, eztabaidarako tramitatuko balitz zer erabaki hartuko luketen? Hori beste kontu bat da.  

Alderdi politikoek noiz arte dute erantzun bat emateko epea?
A.G.: Orain, alderdiek denbora bat hartuko dute hau guzti hau lantzeko. Uda dator, oporrak datoz, eta batek daki. Beharbada, irailaren erdialdean landuko dute hau. Luze joko du. Eta, tarte horretan, guk mobilizatzen eta alderdiekin batzen jarraituko dugu. Imanol Pradales lehendakariari ere gonbit egin diogu gugaz batzeko. 

Aurrerantzean ere bidea egiten jarraituko duzue, beraz. 
J.A.: Gatx izango dute eztabaidari ezetz esatea. Hor izango gaituzte gu. Horrez gainera, gutxieneko pentsio horietara ailegatzen ez direnei, lehen aipatu ditugun 100.000 herritar horiei, ondoan izango gaituztela esan gura diegu. Gugana etortzera gonbidatzen ditugu, plazetara, mobilizazioetara, berbaldietara, hau guzti hau denon onurarako da eta.
M.M.: Urte hauetan guztietan geratu barik lan egin dugu. Asko dira sortu, bide bat egin eta bere horretan geratzen diren mugimenduak. Baina gureak tinko eusten dio. Eta uste dut aurrerantzean ere halantxik jarraituko dugula.
A.G.: Bidea hasi genuenetik hainbat lorpen egin dugulakoan nago. Ez goaz atzera, aurrera baino. Gainera, oso garrantzitsua da esku artean dugun honek gutxieneko pentsio guztiei eragiten diela azpimarratzea. Batetik, pertsona batek bizi ahal izateko behar duen gutxieneko diru sarrera bermatzen da proposamenean. Bestetik, honek emakumeei ere eragiten die, kotizatu dutenei zein kotizatu ez dutenei. Izan ere, askok ez dute kotizatzeko aukerarik izan, lanik eskasenak izan dituztelako edo etxeko lanetan, lan erreproduktiboetan, aritu izan direlako. Honek horri guzti horri ere heltzen dio. Esku artean dugun hau lortzen badugu, zeozer garrantzitsua izango da, inondik ere.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!