Zelan heldu zitzaizun 'Nor naizen baneki'-ra batzeko proposamena?
Dantzertiko 4. mailan Ximun ezagutu nuen; bertako muntaketa zuzendu zuen. Urtero ekartzen dute zuzendari profesional bat hori zuzentzeko, eta gure urtean Ximun egokitu zen. Normalean horrelako hartu-emanekin heltzen dira horrelako proposamenak, eta zorteko sentitzen naiz. Proiektuan lanean zebiltzala, Irulegiko eskua agertu zen eta berak beti azpimarratzen du horrek sortu zuen euskal sukarra; Bat-batean leku guztietan zegoela nabarmentzen du, mozkorraldi moduko bat gertatu zela eskua agertzearen harira, eta lan handia egin eta gero jaio zen Nor naizen baneki.
Indusketa bat da abiapuntua baina harago doa, hausnarketa ugari planteatzen du.
Bai, indusketarako proposamen bat da. Bai fisikoa, lurra induskatzea bera, eta historian arakatzea. Indusketa pertsonal bat ere proposatzen du, norberaren mailan, eta Euskal Herri arloan ere bai. Azken batean, 'Nor naiz?', 'Nortzuk gara?' 'Nortzuk garen bageneki, zer?', 'Nondik gatoz?'... Nik, Garoa legez, badakit, baina herri legez badakigu nondik gatozen? Indusketa batetik abiatuta, hainbat galdera planteatzen da, erantzunik ez.
Urrian estreinatu zenuten. Zelako harrera izaten ari zarete?
Zelanbait esateko, dimentsio handiko nire lehenengo lana da. Euskal Herrian oihartzun handia izaten ari den proiektua da, eta zuzendariekin, idazleekin, lankideekin lanean nabil, azeri zaharrekin, zeozelan esatearren, eta zorioneko sentitzen naiz horregaitik. Egundoko aukera da ikasteko. Bestalde, erantzukizun handia zela ere iruditu zitzaidan, pertsonalki. Konpainiek duten pisuagaitik, eta nire pertsonaiak gai latzak eta sakonak lantzen dituelako ere bai. Nik antzezten dudan pertsonaiaren ibilbidea apur bat urruti geratzen zitzaidala sentitzen nuen. Baina, eginean-eginean, uste dut benetan sartu naizela Juneren azalean, eta geroago eta erosoago sentitzen naiz. Konturatu naiz, aldi berean, ondo dagoela. Izan ere, langile bat baino ez naiz, eta norbaitek gustuko ez badu, zuzendariari esan beharko dio; gustatu zein ez, ni hemen lanean nago.
Bertigoa sentitu duzu Artedramagaz eta Axut!-egaz lanean?
Bai. Lantaldeko gazteena naiz, eta esperientzia gutxien duena ere bai. Baina lan handia egin dugu, eta taldeak ere asko lagundu dit; denbora guztian oso babestuta sentitu naiz. Publikoari dagokionez, jendeari entzun diot ikututa irten dela; batzuei gehiago gustatu zaie, edo ados daude, beste batzuk ez, baina, orokorrean, jendea benetan hunkitu dela uste dugu. Gai asko jorratzen dugu, eta gerora, Juneren pertsonaia adibidez, konturatzen gara denok ditugula batzen gaituzten gauzak, eta zauri batzuk ez direla indibidualak. Zauri batzuk denok partekatzen ditugu, eta horregaz ere identifikatuta sentitu gaitezke.
Durangaldean hiru emanaldi dituzu datozen aste bietan. Gogotsu zaude?
Bai, oso. Emanaldi asko izan dugu, Gipuzkoa aldean batez ere. Orain Durangaldera hurbiltzen ari gara eta emozionatuta nago, bertakoek ere ikusteko aukera izango dutelako. Gogotsu nago jendeari proiektu hau helarazteko, eta nire ezagunekin konpartitzeko ere bai. Gainera, aktoreok zenbait euskalkitan egiten dugu obra; nik bizkaieraz, eta, beraz, badakit publikoak eskertuko duena. Axut!-en eta Artedramaren lanek ertz asko dute eta hori beste bat da. Proiektu handiak egiten dituzte eta beldur moduko bat sentitzen nuen, ea handi geratuko ote zitzaidan; jauziak daude denboran, atzera eta aurrera, eta kodeak aldatu egiten dira, jakina.
Mar Mar antzerki konpainiagaz ere aritu zara.
Bai. Aurreko denboraldi osoan egon nintzen Mar Marregaz. Lehenengo, Arrainak bihotzean egin nuen, eta gero Elara, bidaia bat izarretara. Arrainak bihotzean lanaren kasuan, gaztelaniaz egin nuen batez ere, eta Espainiatik ibili ginen. Euskal Herrian, batez ere, Elara lanagaz. Beste merkatu batean mugitzen den konpainia da, antzerki familiarragaz, euskaraz eta gaztelaniaz. Horrek bere abantailak ere baditu, publiko zabalagoa du, eta, zorionez, gaur egun gurasoak gehiagotan joaten dira antzokietara. Konpainiari eskerrak, Espainiako merkatua zelakoa den ere ikusi ahal izan dut. Adibidez, arratsalde euritsu batean antzokiak beterik ikusi ditut, 18:00etan. Eta horrek ematen dizun aberastasuna itzela da. Azken finean, zenbat eta eremu gehiago zapaldu, gehiago jakingo duzu. Orain, ostera, beste kode batzuekin lan egiten dut, helduentzako antzezlanagaz, antzerki naturalistagoa edo, eta kantua eta dantza ere jorratuta. Oso eskertua nago.
Kilometro mordoa egin duzu Mar Marregaz.
Bai, kilometroak eta kilometroak. Komunitate txiki bat osatzen dute, eta biretan bizikidetza zer den ere ikasi dut. Nor naizen baneki lanari denboraldi oso bat geratzen zaio oraindino, baina, aurrera begira, zeozer propioa sortzea ere gura nuke.