Kostatu egiten da laguntza bilatzea doluari aurre egiteko?
Lehenengo eta behin, ulertu egin behar dugu lehenago edo geroago denoi helduko zaigula doluari aurre egin behar izatea. Historian zehar gizakiak beti presente izan duen esperientzia da. Baina denek ez dute berdin bizi. Pertsona bakoitzak bere modura eramaten du dolua, baina denetan antzeko ezaugarriak aurkitu daitezke. Esaterako, une horietan sentitzen den tristezia momentu sakona, ezertarako indarrik barik uzten zaituena. Laguntasun profesionala bilatzeak momentu horretan seguruenik ez duzun ausardia eskatzen du. Horregaitik, garrantzitsua da familiaren edo ingurukoen laguntza pauso hori emateko. Asko horrela etortzen dira gugana, ingurukoek animatuta edo konbentzituta.
Zeintzuk terapia dira eraginkorrenak dolua bizi duen pertsona bati laguntzeko?
Ez dago denentzat baliagarria den protokolo zehatz bat. Kasu bakoitzak bere ertzak ditu. Gako inportante bat enpatia da, pertsona horrek bizi duen min horregaz bat egitea, minaren ingurumari guztiak ezagutzea. Informazio hori guzti hori ezagutzea garrantzitsua da dolua pasatzeko, zer etapatan dagoen jakiteko. Ukazioa da hasierako etapa; hau da, "hau ezin zait niri gertatu". Maiz haserrea ere agertu daiteke: "Zergaitik niri?". Horien ondoren, beste etapa batzuk datoz, azkenengora heldu arte: onarpena. Beraz, pertsona zein etapatan dagoen jakin behar da lehenengo, eta etapa hori zelan bizi duen. Esaterako, baliteke pertsona batek katarsi bat behar izatea, arazoari zuzen aurre egitea. Beste bategaz, beharbada, komenigarriagoa da astiroago joatea. Bakoitzak bere denborak ditu. Azken batean, errealitate berri batera egokitu behar dira eta pazientzia handia izatea beharrezkoa da kasu guztietan. Behin paziente bakoitzaren kasua modu sakonean ezagututa, terapia konkretuak garatzen dira. Psikologiaren munduan terapia mota asko dago.
Heriotza gertatu den moduak (bat-batekoa, gaixotasun luze baten ondorioz…) eragiten du dolua bizitzeko moduan?
Bai, jakina. Alde handia egon daiteke. Adineko bat gaixotasun luze baten ondorioz doanean naturalago ikusten dugu. Kasu batzuetan aringarria ere izan daiteke alde guztientzat. Min eramangarria dela esan daiteke. Pertsona gazte bati buruz gabiltzanean edo bat-batean joan den bat denean, injustizia sentimendu bat sortzen da eta eragiten duen inpaktua handiagoa izan daiteke.
Zelan kudeatzen da heriotzaren ondoren askok sentitzen duten errua edo "gehiago egin nezakeen" sentsazioa?
Begirada atzera bota eta zeozergaitik errudun sentitzea sarritan gertatzen da. "Hau edo bestea egin izan banu", pentsatzea. Normala da halako pentsamenduak agertzea, baina garrantzitsua da ulertzea une hartan ahal zen ondoen jokatu zela. Denboragaz erru hori onartu eta samurtzen joatea da helburua.
Maite duzunaren heriotza guztiz gainditu daiteke ala beragaz elkarbizitzen ikastea da kontua?
Bai, gainditu daiteke, batez ere heriotza naturalagoak diren kasuetan, lehenago aipatu dudan moduan. Bat-bateko heriotza batzuetan, zoritxarrez, denbora luzez egon zaitezke maite zenuen horrengan pentsatzen eta zeure barrua astintzen. Baina, orokorrean, berba eginda, esango nuke posible dela joan den hori kariñoz eta samurtasunez gogoratzea, asaldurarik barik. Eta, modu horretara, gogoratzen duzunean hor ondoan jarraituko balu legez da.
Zer laguntza eskaini diezaiokete ingurukoek (familiak, lagunek…) dolua daramanari?
Pertsona horri behar duen espazioa ematea aholkatuko nuke. Eman denbora eta izan pazientzia. Dolua gainditzea prozesu bat da eta bere denbora behar du. Eta eman babesa eta kariñoa, eskertuko ditu eta.
Orain arte, hildakoaren lagun edo senitarkoari buruz aritu gara, baina utzidazu gaia apur bat gehiago bihurritzen. Zelan laguntzen zaio gaixotasun baten ondorioz hil egingo dela diagnostikatu dioten bati?
Galdera konplexua da. Lehenengo lana entzutea da, pertsonak zer behar duen jakitea, denok ez garelako berdinak. Egoera horretan dagoen batek maite dituenekin eta bere buruagaz bakean dagoela joan gurako duela suposatzen dut. Agur hori egoki bideratzea izango litzateke lan bat.
Zelan kudeatzen duzu zuk zeuk halako prozesuetan laguntzeak zugan sortzen duen eragin emozionala?
Ez da erraza, enpatia handia sentitzen duen pertsona naiz eta. Pertsona bati zelan lagundu, etengabe buruan bueltaka izan dezakedan zerbait da. Beraz, psikologo bata erantzi eta bulegoan uzten ahalegindu behar duzu. Distantzia bat hartzen ikasi behar duzu, sarritan kostatu egiten den arren.