Ondarroako Literatur Amuak jaialdiak eskualdeko hiru izen ekarri ditu aktualitatera: Ekaitz Herrera abadiñarrarena, Julen Apella berriztarrarena eta Amaia Trejo durangarrarena. Lehenengoak Augustin Zubikarai nobela bekaren aurtengo edizioa irabazi du, Hondar batean arre proiektuagaz. Herrerak Mattinen "gainbehera eta goraldia" kontatu gura du eleberrian, 60 urteko lore-saltzailearen istorioa. Elkar argitaletxeko iturriek halantxik deskribatu dute kontakizunaren abiapuntua: "Negozioa txarto doala-eta, [Mattinek] kalean ikusiko du bere burua, eta bizileku berri bat topatuko du, ikasle-pisu batean. Ia berrogei urte gazteagoak direnekin bizitzen ikasi beharko du, haien kodeak ezagutu, ohitura berrietara ohitu. Eta, horrekin batera, bizi osoan inoiz maitemindu ez den eta hori zer den ere ez dakien gizonak bere burua hobeto ezagutu eta deskubrituko du, baita bizitzaren etapa berri bati ekin ere".
Epaimahaia Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatu dute. "Lanari darion umorea", "idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia, hizkuntzarekin jolasteko trebezia" azpimarratu dituzte, besteak beste. Herrerak 8.000 euroko saria eskuratu du, eta urtebetean nobela publikatzeko konpromisoa hartu.
"Sakelako bihotzak"
Iaz, Durangaldeko beste herritar batek, Julen Apellak, irabazi zuen Augustin Zubikarai nobela beka. Berriztarrak urtebetean ondu du Sakelako bihotzak eleberria. Bertan, Jokinen eta Felixen istorioa harilkatu du, unibertsitateko azken urteetan dabiltzan gazte biren gorabeherak. Idazleak azaldu duenez, ikasle biak elkarren lagunak dira, "baina aski desberdinak, izaeraz eta jatorriaz: arrazional eta hotza bata, langile-familiakoa; jendekoia eta zalapartaria bestea, burges etorkiduna". Halantxik, irakurleak bien ibilbideak, harremanak eta gorabeherak jarraituko ditu, ikasleek beren bizitzak markatuko dituzten hilabete batzuetan. Apellaren nobela salgai dago honezkero.
Literatur Amuak jaialdiak emandako hirugarren izena Amaia Trejo durangarrarena da. Trejok nanoipuinen 14. edizioa irabazi du, 300 euroko saria eskuratuta.

Elkar argitaletxeko eta Ondarroako Udaleko ordezkariak, Herrera eta Apella, joan zen barikuko sari banaketan.
Aurtengoa, Augustin Zubikarai bekaren 25. edizioa izan da. Sariketa urtero antolatzen dute elkarlanean, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Sari banaketa ekitaldia joan zen barikuan egin zuten, udalerriko Kofradia Zaharrean, udal ordezkariak, Elkar argitaletxeko kideak eta sortzaileak lagun.