Julen Apella berriztarraren 'Abizen berri bat' nobela proiektuak irabazi du Agustin Zubikarai saria

Anboto 2024ko urr. 28a, 17:30

'Abizen berri bat' izeneko nobela proiektuagatik 8.000 euroko saria jasoko du Julen Apella idazle berriztarra; Elkar argitaletxeagaz argitaratuko du eleberria, urtebeteko epean. 

Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak elkarregaz antolatzen dute Agustin Zubikarai saria. Aurkezturiko hogei lanen artean, Apellarena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenenk eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Literatur Amuak jardunaldien barruan eman zioten saria idazle berriztarrari. Epaimahaikideek lanaren "anbizio linguistiko zein intelektuala" azpimarratu dute. "Abizen berri bat gaur eta hemen kokaturiko eleberri bat izango da, gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratua. Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan horrek dakarren guztiarekin", azaldu dute nobela proiektuari buruz.  

Julen Apella Santamaria Euskal ikasketetan graduatua da, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak ere egin ditu. Postal bat desertuan poesia liburua kaleratu du orain artean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!