#0km

"Diban gizarteko eskaeretara egokitzen jakin dugu"

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 17a, 09:30

Belaunaldi erreleboa egon da Diba baserritarren kooperatiban. 38 urtean ardura postuan egondako Javier Olaso abadiñarrak Iñigo Etxebarria iurretarrari pasatu dio lekukoa

Hanburgesa jatetxe multinazionalak daude Dibaren egungo egoitzaren ondoan, eta autokarabanen aparkalekua orain urte batzuk arte egoitza izandakoan. Baten batek pentsatu dezake, akaso, munduaren bilakaera ulertzeko balio dezakeela Diba kooperatibaren inguruak. Batek daki. Argi dagoena da sasoiak zein kokalekuak aldatu, Durangaldeko baserritarren kooperatibak sendo iraun duela denboran, betiko norabidean tinko, baserritarrei beharrezko materiala eskaintzen. Gainera, Dibak presidente berria du maiatzetik. Iñigo Etxebarria iurretarrak Javier Olaso abadiñarraren lekukoa hartu du oraintsu, azken horrek ardura postuan 38 urte egin eta gero. Eta ez hori bakarrik. Lehen sektoreko belaunaldi berria batu da kooperatibako kudeaketa taldera. 

Javier, 38 urtean Dibako arduradun nagusia izan eta gero, erreleboa etorri da orain.
Javier Olaso: Kooperatiba sortu zenetik nago Diban, 1987tik. Halako azpiegitura baten falta igartzen genuen, eta hainbat baserritar batu ginen kooperatiba sortzeko. Gatxa izan zen hasiera, eta sektoreko hainbat laguni eskerrak hasi genuen bidea, Markina-Xemeingo Miba eta Arratiako baserritarren CAVA kooperatibak lagun. Halantxik sortu genuen Diba. Hasieran 38 bazkide ginen; 80 baino gehiago gara gaur egun. Eta 38 urtean bost presidente pasatu dira hemendik; Luis Gorroño lehenengo, ni gero, Juantxu Elorriaga ondoren, eta neu berriro, harik eta Iñigo Etxebarriak erreleboa hartu duen arte. Kooperatibaren egoera oso ona da. Ondo saltzen dugu eta erreferentea gara Durangaldeko baserritarrentzat. Saltzen dugunaren erdia pentsua da gutxi gorabehera. Gainerako erdia materiala, itxiturak, zoosanitarioak, plastikoak eta halakoak dira. 

Iñigo, erronka handia da Olasoren lekua betetzea?
Iñigo Etxebarria: Ardura handia da hainbeste urtean hainbeste jendek egindako lanari jarraipena ematea, eta horretan asmatzea erronka ere bai. Hala ere, talde polita gabiltza lanean, eta horrek ilusioa ere badakar. Javierrek eta gainerakoek egindako bidea bikaina izan da. Ez zeukaten ezer, eta ezerezetik Diba sortu zuten. Elkarlanean egin zuten hori guzti hori. Txalotzekoa da hainbeste urtean baserritarren alde egin duten lana.

Gainera, ez zaude bakarrik. Talde berria dago kudeaketa taldean.
I.E.: Belaunaldi gaztea gara. Honako hauek osatzen dugu taldea: Alazne Intxauspek (Orozketako berdura ekoizlea), Ana de la Mazak (Garaiko kontserbak eta garagardoak), Aitor Urienek (Sagastako artzaina, gaztagilea), Joseba Bazetak (Arrazolako ortuari ekoizlea eta artzaina), Urdaspal Alberdik (Iurretako ortuari ekoizlea), Kepa Agirregoikoak (Etxanoko jogurt ekoizlea) eta nik. Ekoizpen txikian eta merkaturatze zuzenean eragin gura dugu. Dena dela, kooperatibak ateak zabalik ditu proposamen eta ekoizle berriak hartzeko. 

Sektorea asko aldatu da 38 urte hauetan?
J.O.: Bai, mordoa. Lehen, kasurako, esplotazio ugari zegoen esnea ekoizteko; orain, ostera, oso gutxi dago. Esku bakarragaz zenbatu ditzakezu. Eta okela arloan ere asko aldatu da kontua. Txahal gutxi dago, oso gutxi. Izan ere, errapetik kendu eta lasterrera kanpora saltzen dira, prezioa ona delako eta pentsuagaz gizentzea garestiagoa delako.  
I.E.: Orain, Maroko iparraldera ere saltzen dira hemengo txahalak. Izan ere, orain urte batzuk lokala zena globala bihurtu da, eta halantxik da dena gaur egun. Ez abeltzaintzan edo nekazaritzan bakarrik, arlo guztietan baino. Diban gizarteak eskatu duen horretara egokitzen jakin dugu.
J.O.: Gazteria ere badabil sektorean, baina oso gutxi dira. Lehen, baserri bakoitzean esplotazioren bat zegoen, eta esplotazioa ez zeukanak ortua edo animaliak izan zitzakeen autokontsumorako. Orain, apenas dago halakorik.      

Zerk eragin ditu aldaketa horiek guztiak?
J.O.: Esango nuke 90eko hamarkada bueltan hasi zela kontua goitik behera aldatzen, hau da, Europar Batasunean sartu eta segituan. Ordura arte, baserri mundua bizi-bizirik zegoen. Esne-banatzaileak etxe atarira joaten ziren sasoia zen, baserri txikiak bizi-bizirik zeudenekoa. Eta zer gertatu zen? Europak prezioak txikitzea ekarri zuela eta horrek ekoizle txikiei eragin ziela. Multinazionalen etorreragaz igarri genuen hori.
I.E.: Zuzeneko merkatutik eredu industrialera bideratu zen ekoizpena eta horrek galera eragin zuen irabazietan.  
J.O.: Herrietako denda txikiak ere galtzen dabiltza. Oso gutxi geratzen dira.  

Abadiñoko Astola auzoan egin zenituzten lehenengo urteak. Han zegoen Dibaren saltokia. 
J.O.: Bai, han hasi ginen. Alokairuan geunden lehen, eta jabetzan orain. Bada zeozer. Zeozer ganoraz egin dugulakoan nago. Gazte gutxi dago baserritik bizitzen, baina funtsezko zeozer izango dute hemen. Pozik joango naiz lehendakaritzatik. Nahikoa behar egin dugu hemen. 

Zer litzateke Durangaldea Diba barik?
I.E.: Hau salerosketarako puntu bat da, baina kooperatiba ez da hori bakarrik. Hau komunitate bat ere bada, baserritarren elkargunea. Gure kezkak, arazoak eta pozak partekatzen ditugu. Oso leku inportantea da Durangaldeko lehen sektorearentzat.  

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!