Baserritar gazteak hurreratzea helburu

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 17a, 09:30

Dibaren 25. urteurreneko ekitaldia. Irudian, presidente izandako Juantxu Elorriaga, Luis Gorroño eta Javier Olaso. DIBA

Dibak bere 40. urteurrena beteko du urte bi barru. Ospakizunez harago, kooperatibak bazkide berriak batzeko eta ideia berriak martxan ipintzeko erabiliko du efemeridea. Era berean, dendan bertan euren ekoizpenak saltzeko aukera eman gura dute

Diba kooperatibak bere 40. urteurrena beteko du 2027an, eta efemeriderako urte bi falta diren arren bazkideak hasi dira data hori prestatzen. Zuzendaritza talde berriak haize berria ekarri gura du kooperatibara, ideia berriak, proposamen berriak. Eta hori ikusgai izateko lan egingo dute aurrerantzean. "Ikusgarritasuna eman gura diogu belaunaldi aldaketari, eta baserritar txikion lana ere ikusgarri egin gura dugu. Esate baterako, Diban bertan gure produktuak saltzeko aukera eman gura dugu", azaldu du Iñigo Etxebarria presidenteak. Aukera hori mahai gainean dute, baina oraindino apur bat itxaron beharko dute horretarako. 

Bestalde, zuzendaritza taldeak gogoratu du baserritarrek zabalik dutela Dibara batzeko aukera. "Jende gazteak bazkide egin gura balu, ateak zabalik ditugu. Ideia eta proposamen berriak beti dira ondo etorriak. Izan ere, 40 urte egingo ditugu ia, eta bide horri jarraitu gura diogu garaian-garaira eta baserritarren beharrizanei egokituta", gaineratu du Etxebarriak. 

Afariak Olasoren kontura
Olasok aro bat zarratu du Diban, baina horrek ez du esan gura kooperatibatik aldenduko denik. Inondik inora ere ez. Hor jarraituko du, Murueta baserrian, Dibatik gertu-gertu eta baserri munduko saltsan. "Olasoren falta igarriko dugu zuzendaritza taldean, hori egia da. Baina, zorionez, badakigu beti ondoan izango duguna", dio Etxebarriak. Eta halantxik, atoan bota dio erantzuna Javier Olasok berak, aldamenetik: "Jakina hemen egongo naizena aurrerantzean ere! Elkarregaz jarraituko dugu. Izan ere, baldintza bakar bat ipini nuen nik zuzendaritza taldea uzteko: hemendik aurrerako batzarretan afaria nik neuk prestatzea", esan du. Hauxe gaineratuta: "Beti izan da horrela. Batzarra lehenengo, eta afaria gero". Eta beharbada ez zaio arrazoirik falta. Formula horrek gaur arte iraun badu, zeozergaitik izango da. Zertarako aldatu ohiturak? Baserriak sustraituta jarraitzea ez da gutxi, dena hain bizkor aldatzen dabilen garaiotan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!