Mankomunitateak kreditu aldaketa bat egin du Durangoko Elkartegia erosteko. Erabaki horri eskerrak, eremu bakar batean eskainiko dituzte gaur gaurkoz Durangoko eta eskualdeko hainbat lekutan sakabanatutako zerbitzu publikoak, Landako Gunearen ondo-ondoan. Esate baterako, Galtzaretako jauregiko zerbitzu sozialak Elkartegian eskaintzeko moduan egongo dira, beste hainbat administrazio-arlorekin batera, behin erosketa bukatuta. Halaber, dena zentralizatuta, egiturazko kostuak eta kostu operatiboak murriztea gura dute, baita herritarrenganako arreta puntu bakar batean eskaini ere.
Erakinaren balioa 1.855.320 eurokoa da. Erakundearen jabetzakoak izango dira eraikineko lokalak zein aparkalekuak. Era berean, obrak ere egingo dituzte, eremua behar bezala egokitzeko.
Adostasuna
Mankomunitateak ohar bidez jakinarazi duenez, proposamenak talde politikoen oniritziagaz egin du aurrera. Erosketa "jarduera estrategiko eta onuragarritzat" jo dute, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik positiboa izango delakoan. Idoia Otaduy Mankomunitateko presidentearen berbetan, Elkartegia erostea "urrats estrategikoa da administrazio hurbilagoa, eraginkorragoa eta modernoagoa finkatzeko".
Soka luzea
Elkartegia erosteko ideia ez da berria. 2022ko irailean, eraikina erosteko inbertsio-plana onartu zuten, Mireia Elkoroiribe presidente zela. "Administrazio hurbilago eta eskuragarriagoa" lortzeko "apustua" zela esan zuen orduko presidenteak. EH Bilduk, ordea, inbertsio-planaren kontra egin zuen ordu hartan. Koalizio subiranistak begi onez ikusi zuen zerbitzu guztiak eraikin bakarrean zentralizatzeko aukera, baina eraikin hori Elkartegia izateak "zalantzak" sortu zizkion. Era berean, faltan bota zuten inbertsio-planari begirako bideragarritasun plana.
Ordutik hona, erosketa prozesua lozorroan egon da. Alabaina, alderdi politikoak adostasuna lortuta iritsi dira aste honetako osoko bilkurara. Azkenik, kreditu aldaketa egitea onartu dute.