Mankomunitateko zerbitzu guztiek Elkartegian lekurik izango duten "zalantza" du EH Bilduk

Anboto 2022ko ira. 23a, 17:00

Koalizioaren iritziz, Elkartegia erosi eta "bertan zerbitzu guztiak zentralizatzea ondo legoke, beti ere gaur egungo baldintzak hobetuko balira eta zerbitzuak handitzeko aukera izanez gero". 

EH Bilduk Mankomunitateko gobernu taldeak aurkezturiko inbertsio planaren aurka egin du. Kontrako botoak aurkeztu zituen atzo egindako osoko bilkuran. Inbertsio planak hainbat atal jasotzen ditu eta Durangoko Elkartegia erostea da euretako bat. Koalizio subiranistaren iritziz, Elkartegia erosi eta "bertan zerbitzu guztiak zentralizatzea ondo legoke, beti ere gaur egungo baldintzak hobetuko balira eta zerbitzua handitzeko aukera izanez gero". Alde horretatik, zerbitzu guztiek Elkartegian lekurik izango duten "zalantza" agertu du EH Bilduk. 

Inbertsio planaren kontra bozkatzeko beste arrazoi bat Berrizko belodromoan dagoela azaldu du koalizioak. Mankomunitateak BTT gune bat instalatu gura du bertan, baina EH Bildu ez dago konforme, ez duelako "inondik inora beharrezkotzat jotzen". Belodromoa estaltzeko proiektuarekin ere kritiko agertu da koalizioa: "Proiektua bera ondo dagoen arren, etorkizunean izango dituen mantenu gastuak eta gastu horiei aurre egiteko finantziazioa ez dago loturik", adierazi du. Hori dela eta, "bideragarritasun plan bat" egiteko ideia ipini du mahai gainean.

Bestalde, Atxondoko Udalaren eta Mankomunitatearen arteko hitzarmena dago. Alde biek ituna sinatu dute Atxondoko Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bat aurrerantzean Mankomunitateak erabili dezan. Gizarte larrialdietara bideratuko dute etxebizitza, aterpe lez erabiltzeko. EH Bilduk erabaki horren alde egin du. "Positiboa da, eta aurrekontuetan guk proposaturikoa eta adostutakoa martxan ipintzera doa. Pozik gaude", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!