"Femismoa gorpuztu zuten, feminismoa kontzeptu modura ia-ia izendatzen ez zen sasoian"

Anboto 2025ko uzt. 11a, 09:30

'Erein, borrokatu, bizi' liburua Bizkaiko hamar emakume baserritarren ahotsa gizarteratzeko helburuz jaio da. Maribi Ugarteburu Markuerkiaga (Amoroto, 1968) kazetariak ondu du lana, herrialdeko EHNEren enkarguz. "Emakumeak beti egon dira sindikatuan, beti egon dira martxan, baina ez dira ikusarazi. Hori dela eta, eurei ahotsa ematea erabaki du Bizkaiko EHNEk. Azterlan hotz bat egin beharrean, hamar emakumeen bizipenetatik abiatu eta baserri munduaren bilakaera kolektiboa kontatu dugu. Izan ere, testigantzok pertsonalak bezain kolektiboak dira, emakume hauek beti funtzionatu dute-eta elkarregaz, sarean, auzoan, sindikatuan. Plano horiek biek bat egiten dute liburuan", azaldu du Ugarteburuk.  

Hamar emakumeak Bizkaiko EHNEk aukeratu ditu, modu batera edo bestera sindikatuan inplikatuta egon dira-eta. Euretariko bat, adibidez, Libe Plaza da (Lekeitio, 1936). Ez da ardura postuetan inoiz egon, baina beti egon da lanerako prest, izan azoketan taloak saltzen, mobilizazioetan zein sindikatuaren beste edozein jardueratan. Gainerako bederatziak, modu batera ala bestera, sindikatuaren zati izan dira, izan teknikari ala zuzendaritzako kide. Maritxu Telleria (Oñati, 1957), Mariasun Borde (Ugao, 1954), Maite Aristegi (Bergara, 1962), Arantza Arrien (Gernika-Lumo, 1963), Glori Dehesa (Karrantza, 1959), Helen Groome (Northampton, 1958), Malu Egiluz (Zeanuri, 1962), Amets Ladislao (Algorta, 1979) eta Alazne Intxauspe (Andoain, 1984) dira. 

Hamar emakumeek istorio eta abiapuntu desberdinak dituzten arren, liburuak argi uzten du ezaugarri komun ugari dituztela. Horien artean daude, Ugartebururen berbetan, "lurrarekiko eta haren zainketarekiko maitasuna eta atxikimendua, lurreko behargina izateagatiko harrotasuna eta gainerako emakume baserritarrekin saretuta egotea". Kazetariaren esanetan, beste ezaugarri aipagarrietako bat emakumeen "kemena" da. "Bizimodu gorabeheratsuak egokitu zaizkie, eta aurrera jarraitzeko indar itzela izan dute. Oso emakume ahaldunduak dira", nabarmendu du: "Feminismoa kontzeptu modura ia-ia izendatu ere egiten ez zen sasoietan, emakume hauek feminismoa gorpuzten zuten. Beren bizitzek hori erakusten dute". Alde horretatik, liburuko protagonistek argi utzi dute beren istorioak eta bizipenak estrapolagarriak direla gainerako emakume baserritarrengana. "Liburua Arteagako herriko bentan aurkeztu genuenean (Arratia), emakume baserritarrek argi esan zuten: 'Gu deitu gaituzue elkarrizketara, baina guk bizitakoak emakume askoren ispilu dira'", kontatu du Ugarteburuk. 

Horrez gainera, liburua irakurtzen duenak "konpromiso kolektiboaren balioa" ezagutuko duela azpimarratu du kazetariak, "gaur egun nahiko garesti dago-eta". Hau da, irakurleak "denbora, jakintza eta ahalegina kausa komun baten zerbitzura trukean ezer espero barik ipintzearen balioa" ezagutuko duela iragarri du kazetariak. Gainerako ekarpenen artean, kezkak eta nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorrarekiko ardurak daude.  

Liburua ez dago salgai, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren babesletza izan du-eta. Alabaina, argitalpena Bizkaiko EHNEren egoitzara joanda eskatu daiteke, Abadiñoko Muruetan. Aurrerago, liburua ehnebizkaia.eus atarian ipiniko dute doan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!