"Baserria ez da lana bakarrik, bizitzeko modu bat ere bada"

Ekaitz Herrera 2025ko uzt. 11a, 09:30

Maritxu Telleria eta Alazne Intxauspe

Bizkaiko emakume baserritarrei ahotsa eta ikusgarritasuna eman asmoz, EHNE sindikatuak liburu batean batu ditu herrialdeko hamar emakume baserritarren bizipenak. Maribi Ugarteburu kazetari amorotoarrak elkarrizketatu ditu hamarrak, eta bera arduratu da denen bizipenak kontatzeaz. Jatorri, belaunaldi eta bizipen desberdineko ahotsak batu ditu, tartean, Durangaldeko kide bi: beharra Arrazolako ortuetan egindako Maritxu Telleria (Oñati, 1957) eta Orozketan ortugintzan diharduen Alazne Intxauspe (Andoain, 1984). Argi diote: "Baserritarrak izateaz harro gaude". 

Belaunaldi desberdinekoak izan arren, oinarri-oinarrian abiapuntu komuna duzue: biok zarete Durangaldera etorritakoak, eta biok utzi zenituzten lan urbanoak baserritik bizitzeko.
Maritxu Telleria: Maitasunak gauza ugari eman, beste hainbat kendu eta eraldatu ditzake. Fabrikan lan egin izan dut hainbat urtez, Oñatin, eta ezkondu eta pare bat urtera, alaba jaiotakoan, Arrazolan bizitzen hasi nintzen senarrarenean. Bertan hasi nintzen ortuko lanetan, asteburuetan, aste barruan Oñatira joaten jarraitzen nuen-eta, fabrikara. Amaginarrebak laguntzen zidan ortuan. Azkenean, senarrak eta biok baserritik bizitzeko erabakia hartu genuen. 
Alazne Intxauspe: Nik Humanitateak eta Enpresa ikasketak ditut eginak, eta hainbat urtez jardun dut Euskal Telebistan. Alabaina, nire bikotekidea ere eskualde honetakoa denez, hemengo EHNEk agroekologia ikastaro bat eskaintzen zuela ikusi eta izena eman genuen. Beti izan dugu ardura edo jakin-min sozial hori, munduarekiko, elikadurarekiko. Ikusi nuen nire lanak baldintza hobeak eskaintzen zizkidan arren, ez ninduela asebetetzen. Baserriratzea eta beste balore batzuk lantzea posible zela ikusi genuen. Eta halantxik, telebista utzi eta baserritik bizitzen hasi nintzen. 12 urte daramatzagu honetan.  

Batzen zaituzten beste elementu bat ortugintza da. Maritxuk arlo horretan jardun du, eta Alaznek hor dihardu gaur egun. Hor ere loratu al zaizue maitasunik?
M.T.: Dudarik barik. Lurrari lotuta lan egitea eta lur horretan bizitzea zoragarria da, bizitzari ezin zaio gehiagorik eskatu. 
A.I.: Gizartea hain doa azkar, gu geu ere gugandik aldentzen gabiltzala dirudiela. Iruditzen zait ortugintza moduko prozesuetan konexioa lortzen duzula lurrarekin. Beharbada diru gutxiago daukat, baina honek nire buruagaz bat egiteko aukera eskaini dit. Egia da ez dela erraza, eguneroko erronka dela. Hemen saldu behar duzu, hemen ikusgarri egin. Gasolina, plastikoa, prezioak goraka doaz. Ez gara mundutik deskonektatuta bizi, baina beste bake eta patxada batekin bizi dut dena. 
M.T.: Bat nator. Banandu nintzenean, Arrazolatik Oñatira bueltatu nintzen ostalaritzan lan egitera. Hamar urte egin nituen han, eta gaixotu egin nintzen. Nire senarra hil zenean eta semeak artzain izan gura zuela esan zidanean, Arrazolara bueltatu nintzen hari laguntzera. Gauza bat argi neukan: ni osatzeko lurrari lotuta egon behar nuela, bestela, ez nintzen-eta osatuko. Eta egia da Arrazolara bueltatzean eta lurragaz ostera ere hartu emanetan hasi nintzenean, gaixotasunari buelta ematen hasi nintzela.  

Liburuko testigantzetan azpimarratzen den beste ezaugarri bat zaintzarena da. Familiaren zaintza, uztarena, naturarena. Hori kontzienteki bizi izan duzue?
A.I.: Kontzienteki, beharbada, ez, baina egia da mugimendu feministaren lanketari esker kontzienteago naizela. Hau da, izena jarri diet orain arte txikitako sozializazio prozesuagatik izandako portaerei: gurasoekiko hartu emanak zaintzea, inguruko edadetuak zaintzea, lurra zaintzea. Gu hiru langile gara, baina iruditzen zait sarritan nik dudala egunerokotasuna zaintzeko ardura hori. Bai, ortuariak zaindu beharko dira, simaurra zabaldu ere bai, baina otordurik edo bizitzaren mantenurik gabe, gainerakoak ez du balio.  
M.T.: Zaintza alor guztietan dago, eta emakumeon arduratzat hartu izan da, nahiz eta gauzak apurka-apurka aldatzen dabiltzan. Gero, kontuan hartu behar da guk bakarrik barik, gure aldameneko emakumeek ere zaindu gaituztela gu eta ingurunea. Gu hasi ginen lurra zaintzen, baina haiek gu zaintzen gintuzten. EHNE sindikatuan ere halantxik izan da. Emakumeak beti egon dira hor, etxeari eta sindikatuari bere denbora eskaintzen.

Belaunaldi desberdinetakoak zarete. Nola baloratzen duzue sektorearen bilakaera?
M.T.: Hamar urtez sektoretik kanpo egon eta gero, ortugintzara bueltatu nintzenean, egundoko hutsunea sentitu nuen. Nik ezagututako betiko jendea, niretzat erreferenteak zirenak, Murueta, Salterain, Juantxu... jada ez zebiltzan baserrian lanean. Belaunaldi berriari dagokionez, iruditzen zait gutxi direla honetan aritu gura dutenak. Denbora asko exijitzen du, eta baserrian ez dago astelehenetik barikurako lanik. Nekazaritzatik bizitzea bizitzeko era bat da, beste bizimodu bat. 
A.I.: Askoz ere langile gutxiago gaude sektorean, eta asko kostatzen da jende berria sartzea. Eta jende berria sartu arren, zaila da gero horiek denboran irautea. Atera kontuak: iaz, zazpi nekazaritza proiektu berri hasi ziren Bizkaian. Horien artean berriak zein erreleboa hartzea erabaki zuten ekintzaileak zeuden. Zazpi baino ez, hemengo elikadura dependentziaren aurrean. Iruditzen zait, gizarte modura, ez dugula ardurarik eta konpromisorik gura. Barru-barruko sentimendurik edo bulkadarik barik, zaila da. 
M.T.: Kasurik onenean, honetan aritu gura duenak, martxan dauden baserri, lur eta azpiegituretan lortuko du erreleboa. Baina jabetzarik ez baduzu, ezinezkoa izango zaizu hutsetik halako inbertsioetan sartzea. 

Sindikalgintza ere zuen bizimoduaren zati da. Zu, Maritxu, Bizkaiko EHNEren exekutibako lehenengo emakumea izan zinen. 
M.T.: Beti esan dut lehenengoa izango nintzela barruko ardura postu batera ailegatzen, baina beti gogoratzen dut asko izan zirela, kanpoan, sindikatuaren batzarretan parte hartzen zuten emakumeak. Ardura hartu nuenean, gaztea nintzen, eta etxean amaginarrebak edo izekoren batek laguntzen zidan zaintza lanetan. Gauez egiten genituen bilerak, abeltzainek behien esnea baturikoan. Juantxu Elorriagak batzen ninduen San Blas hotelaren parean, eta Bilbora joaten ginen biok, bilerara. Gero, batzar horien berri herririk herri ematen genuen. Lehenengoa nintzela exekutiban? Bai, baina emakume asko egon zen nire aurretik sindikatuan parte hartzen. Haiek ireki zuten bidea. 

Liburuan diozunez, exekutibako lehen urteetan 'lorontzi' modura sentitu zinen. 
M.T.: Bai, hasiera-hasieretan, bai, baina baziren aurrera begiratzen jakin zutenak ere. Bilboko batzar haietan hamarzortzi bat batzen ginen, eta abeltzaintza-politikari, esnearen prezioari eta grebei buruz baino ez zen berba egiten. Izan ere, normalean, abeltzaintza gizonezkoen lan-esparrua izan da, eta ortugintzan, aldiz, emakumeok jardun izan dugu gehienbat. Nire buruari galdetzen nion: "Zer egiten dut hemen?". Abeltzantzatik harago, sektorean beste hainbat arazo zeudela azaldu behar izan nuen. Halantxik hasi ginen gainerako esparruak lantzen. Dena dela, aitortu behar dut oso babestuta sentitu nintzela. Ez naiz sekula gutxietsia sentitu.  

Alazne: zuk nola ikusten duzu emakumea egungo sindikalgintzan?
A.I.: Orain arteko emakumeen lana aitortu gura dut, gure aurrekoei esker iritsi gara-eta gaur egungo lekura. Beharbada, presentzia eta lege gehiago dago, adibidez, Emakume baserritarren estatutua. Bide hori aurretik egondako emakumeen presioari esker izan da. Oraindik ere abeltzaintzak jarraitzen du sektorerik indartsuena izaten, baina ortugintza ekologikoak garapena izan du bere xumetasunean. Bestalde, prozesu parte-hartzaileak zabaldu dira, eta foro horietan emakumeak daudenez, ahotsa ere hartu dugu. Bidea egiten gabiltza, lehengo hariari tiraka.   

Etorkizunera begiratu dezagun: nola ikusten duzue sektorearen geroa?
M.T.: Administrazioak lehen sektoreko politikak aldatu behar dituela uste dut. Erretiroa hartuta nagoen arren, hori da ikusten dudana. Lehen aipatu bezala, proiektu bat hutsetik hasi gura baduzu, laguntza beharko duzu ezinbestean. Saltzen dizutena da errentagarritasuna topatuko diozula baserriko lanari, baina lurrak eta baserria zureak baldin badira lortuko duzu. Hutsetik, egundoko inbertsioa eginda, zaila izango zaizu zorpetzeari aurre egin eta etekina lortzea. Herritarrak sektorean lanean mantendu gura baditu, administrazioak bestelako laguntzak eman beharko lituzke. Adibidez, artalde dezente bat sortzeko laguntza artzain hasi gura duenari. Ortugintzan ere, ezin dira 10.000 metro hutsetik ipini. Laguntzak beharrezkoak dira. 
A.I.: Nire ustez, jende berria sartzea da erronka, desagertu egingo gara-eta bestela. Matematikak hori dio, ekoizle berriak ez direla erretiroei aurre egiteko bestekoak. Erraztasunak behar ditugu hor. Bestalde, iruditzen zait deskonexio handia dagoela baserriarekiko. Hau da: Orozketatik Durangora bost kilometro baino gehiago dagoela dirudi. Maila teorikoan dena dakigu, dena irakurri dugu, baina gero hori ez dugu praktikara eramaten, sasoikoa jaten, bertokoa kontsumitzen. Kontraesan horiek normaltasun osoz bizi ditugu. Eskubide indibidualen zera hori dugu, baina gero kosta egiten zaigu konexioan bizi garela eta guztiak oreka behar duela ulertzea. Uste dut hori ere badela aurrean dugun beste erronka bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!