Hontza Museoa Bizkaiko Natur Zientzien Museo ofizial bakarrak 10 urte bete ditu eta Museon Nazioarteko Egunaren atarian, Durangon hitzaldi interesgarri bi antolatu ditu. Biak eguen honetan (maiatzak 15) izango dira Durangoko Kurutzesantu Musean, 19:00etan hasita. Sarrera doakoa da.
Gainera, asteburuan, maiatzaren 17an eta 18an, Mañarian kokatuta dagoen museora sarrera doakoa izango da, bertako biodibertsitatearen aniztasuna ezagutzeko, ohar batean azaldu dutenez.
Hitzaldia: 'Neandertalak Euskal Herrian, azkenengo aurkikuntzak Bizkaian'
Asier Gomez Olivenciak (Barakaldo, 1979) Bizkaian neandertalei buruz izan diren azken aurkikuntzei buruz berba egingo du euskaraz emango duen hitzaldian. Aztarnategi eta teknika berriek, duela 430.000 urte agertu eta orain dela 40.000 urte desagertu zen giza-leinu ospetsuenaren inguruko informazio berri baliotsua eskaini dute. 1967an Dimako Axlor azternategian aurkitutako hiru giza fosilen azterketak datu interesgarriak azaleratu ditu. Karrantzako Polvorin kobazoluan egindako indusketa berriek giza fosil garrantzitsuen identifikazioa ere ahalbidetu du. Gainera, Euskal Herrian gaur egunera arte aurkitu den neandertalen fosilen kopururik altuena dago.
Gomez Giza Eboluzioan espezializatutako doktorea eta paleontologoa Euskal Herriko Unibertsitatean. Atapuercako Ikerketa taldean egin zuen tesia. Bertako indusketak egiteaz aparte, Euskal Herriko hainbat aztarnategitako lanak zuzentzen ditu eta horien artean Karrantzako Polvorineko lehenengo Osinean. Hantxe aurkitu diran ezaugarri arkaikoak dituen Neandertal baten fosilak.
Hitzaldia: 'Durangaldea, tierra de osos'
Monica Villalba de Alvarado (Merida, 1988) historiagileak eta paleontologoak kobazuloetako hartzen eboluzinoa zein izan dan azalduko dau, kasu honetan, gaztelerazko berbaldian. Hitzaldiaren izenburu osoa honako hau da: Durangaldea, tierra de osos. Evolución, especies y extinción de los osos en Euskal Herria.
Villalba de Alvarado historialaria eta paleontologoa da, ursidoen paleobiologian aditua, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean egiten du lan. Extremadurako Postes haitzuloko indusketak zuzentzen ditu, eta Euskal Herriko aztarnategietako ursidoak aztertzeaz arduratzen da. Gaur egun, Askondoko (Mañaria) haitzuloko hartzen garezur-hondarrak aztertzen dihardu.