Zeintzuk onura ikusten dizkiozu Durangaldeko Kopari?

Anboto 2025ko ots. 27a, 12:55

Durangaldeko mendi-lasterketetako antolatzaileek ilusioz sortu dute eskualdeko kopa. Orain arte, Urkiola Koparen bueltan batu dira Atxondoko, Mañariko eta Zornotzako kirol-probak. Alabaina, kopa sortu berriak beste bost udalerritako lasterketak ere barnebilduko ditu, aipaturiko hiru herrietakoez gainera: Garaikoa, Elorriokoa, Mallabikoa, Berrizkoa eta Zaldibarkoa. ANBOTOk bost horietako antolatzaileen testigantzak batu ditu. 

 

GAIZKA BARRAINKUA
GARAIKO ASTO TRAIL LASTERKETA

"Durangaldeko Koparen sorrerak abantailak baino ez dituela ekarriko uste dugu. Garai kopa honetako herririk txikiena izanda ere, Astro Trailegaz gure inguruan ditugun paisaiak, bidezidorrak eta Oiz mendilerroa erakutsi gura ditugu, eta Kopari eskerrak lasterketa luzeko partaideen kopurua handitu gura dugu".

 

ZUTOIA ODRIOZOLA
ELORRIOKO ALDAPEGORA LASTERKETA

"Proba maiatzetik urrira aldatu behar izan dugu. Bestela, ezingo ginen Udalatxetik pasatu, sai zuriarengaitik. Hiru urtean hiru data izatea ez da egokiena eta apur bat triste geunden. Baina, orain, Kopan sartuta, geurea da azken proba. Gauza asko Elorrion erabaki daitezke. Poza eta indar handia eman dizkigu"

 

AIERT AGIRRE
BERRIZKO AMARAUNE LASTERKETA

"Oiz mendian txoko ikusgarriak ditugu baina beharbada ez du Urkiolako Parke Naturalak duen sona. Korrikalariak erakartzea gehiago kostatzen da. Kopagaz, parke naturalekora doazenek lasterketa gehiagotan ere parte hartu beharko dute sailkapenean sartzeko, eta onuragarria izan daiteke guretzat".

 

NORA NARBAIZA
ZALDIBARKO ZALDUTRAIL LASTERKETA

"Aukera paregabea ematen du eskualdea ezagutzeko, lasterketa bakoitzak Durangaldeko inguru bat zeharkatzen duelako. Lasterketa guztien arteko saretzea onuragarria izango dela deritzogu. Gainera, gure lasterketaren zabalpena indartu, eta parte hartzea bultzatzeko aukera ezin hobea ere bada".

 

IÑIGO PRADERA
7PAGO MENDI LASTERKETA 

"Durangaldeko Koparen sorrera onuragarria izango da guretzat eta baita gainerako herrientzat ere. Kirolari esker herri eta mendi berriak ezagutzeko aukera ederra izan daiteke. 7 Pagok aurreko urtean eduki zuen harrerakin gustora geratu ginen eta, hori dela eta, aurten hobetzeko esperantzarekin gatoz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!