Durangaldeko Kopa jaio da, zortzi lasterketagaz

Anboto 2025ko ots. 27a, 12:54

Eskualdeko mendi lasterketa guztiekin Durangaldeko Kopa sortu dute. Sailkapen, sari eta webgune propioak izango ditu. Tankera honetako Bizkaiko bigarren txapelketa da, Enkarterrietan dagoenagaz batera

Eskualdeko mendi lasterketen arteko lankidetza iaz erne zen, Atxondoko, Mañariko eta Zornotzako probak batzen zituen Urkiola Kopagaz. Aurten, eskualde osora zabaldu dute deialdia, eta harrera ezin hobea izan du. Mallabiko, Berrizko, Zaldibarko, Garaiko eta Elorrioko lasterketak egitasmora batu dira eta denen artean Durangaldeko Kopa sortu dute. Gaur aurkeztu dute ekimena, Durangon. Bertan, mendi lasterketetako antolatzaileak eta probak babesten dituzten udaletako, Mankomunitateko eta Urkiola Landa Garapeneko ordezkariak batu dira.

Kopak sailkapen propioa izango du eta gutxienez lau probatan parte hartu behar da sailkapen nagusian sartzeko. Kopa bost hilabeteren barruan lehiatuko da, maiatzetik urrira. Urriko azken txanpa bereziki intentsoa izango da, hiru probagaz: 5ean Sorginen Lasterketa, 18an Aramotz, eta 25ean Aldapegora. Koparen inguruko informazioa emateko, www.durangaldekokopa.com webgunea sortu dute. Lasterketa bakoitzaren ondoren, webgune horretan eguneratuko dituzte sailkapenak.

Koparako ez dago izen-emate berezi bat egin beharrik. Nahikoa izango da lasterketetan izena ematea. Puntuen banaketari dagokionez, lasterketa bakoitzeko lehenengo 15 sailkatuentzat egongo dira puntuak: lehenengoak 100 puntu; bigarrenak 90, hirugarrenak 80… Sariei dagokienez, lehenengo bostentzat egongo dira sariak: irabazleak 500 euro eta txapela jasoko ditu; bigarrenak 400 euro; hirugarrenak 300 euro…

"Denontzat positiboa"

Aterki beraren pean aritzea "denontzat positiboa" dela dio Sorginen Lasterketako antolatzailea den Jon Aranburuk. "Baliabideak partekatzeko eta batak besteari laguntzeko aukera ematen digu", gaineratu du. Horregaz batera, Kopak amua izan gura du korrikalarientzat. Antolatzaileek uste dute eskualdeko lasterketa gehiagotan parte hartzeko pizgarria izan daitekeela.

Koparen helburuetariko bat Durangaldeko mendiak ezagutaraztea da, Urdaibai barnean dagoen Oiz menditik hasita Urkiolako Parke Naturalean dauden Anbotoko eta Aramotzeko mendilerroetaraino. Aldi berean, baso bideak berreskuratzea eta turismo sostengarria bultzatzea ere badituzte helburu lez.

Euskal Herrian, Gipuzkoako Goierri Kopa da mota honetako ekimenen aitzindaria. 2016an sortu zuten eta iaz 10 proba izan zituen. Bizkaian Enkarterri Kopa ere badago, hainbat mendi martxa eta lasterketa hartzen dituela.

KOPAKO EGUTEGIA

MAIATZAK 17

7 Pago mendi lasterketa (Mallabia)
• 25 km - 1.400m+

EKAINAK 21

Amaraune mendi lasterketa (Berriz)
• 21 km - 1.130 m+

UZTAILAK 12

ZalduTrail lasterketa (Zaldibar)
• 19,62 km - 1.180 m+

UZTAILAK 19

Asto Trail (Garai)
• 26 km - 1.400 m+

IRAILAK 20

Mañaritik Atxetara (Mañaria)
• 22 km - 2.000 m+

URRIAK 5

Sorginen Lasterketa (Atxondo-Axpe)
• 21 km - 1.700 m+

URRIAK 18

Aramotz Mendi Lasterketa (Zornotza)
• 22 km - 1.300 m+

URRIAK 25

Aldapegora Mendi Trail (Elorrio)
• 26 km - 1.700 m+

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!