Saharako errefuxiatuentzako elikagaiak batzeko kanpaina, martxan

Anboto 2025ko ots. 4a, 12:27

Rio de Orok egindako janari bilketa bat. Artxiboko irudia.

Gaurtik otsailaren 16ra arte oinarrizko elikagaiak batzeko bilketa egingo da Durangaldeko supermerkatu, ikastetxe eta kiroldegietan. Elikagaiez aparte, Bizum dohaintzak jasotzeko aukera ere eskainiko du Rio de Orok; edozelan ere diru horiek elikagaiak erosteko baliatuko dute. 

Aurreko urteetan legez, Rio de Orok 24 tona laguntza humanitario bidali gura du Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara. Premia hori "inoiz baino larriagoa" azaldu dute: "Zoritxarrez, azken urteotan sahararrek jasotako laguntza nabarmen murriztu da, eta horrek ondorio lazgarriak izan ditu haien bizimoduan. Gainera, osasun-larrialdiak eta Marokorekin piztutako gerrak egoerak okerrera egitea baino ez dute ekarri". Hori guztia dela eta, Durangalde osoko herritarrak deitu dituzte elikagaiak batu eta proiektuari ekarpena egitera. 

Rio de Orok aukera bi ipini ditu kanpainan parte hartzeko. Batetik dohaintza fisikoak, elikagaiak eurak, batuko dituzte. Horietan, lekaleak, arroza, pasta, azukrea, sardinak oliotan, atuna oliotan eta konpresak batuko dituzte. Bestetik, Bizum bidalketak edo transferentziak egiteko aukera eskaini dute. Edozelan ere, jasotako dohaintza guztiak elikagaiak erostera bideratuko dituztela argitu dute. 

Bizum aplikaziorako kodea: Rio de Oro Durangaldea, 01955 kodea.

Transferentziak egiteko: ES90 3035 0129 11 1290034483

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!