Rio de Oro udan ume sahararrak harreran hartzeko familia bila dabil

Anboto 2025ko urt. 24a, 15:37

'Oporrak Bakean' programa "inoiz baino beharrezkoagoa" dela jakinarazi du elkarteak. Hori dela eta, eskualdeko familiak deitu dituzte 8 eta 12 urteko ume errefuxiatuak denbora tarte baterako harreran hartzera. Izena emateko epea martxoaren 15era arte dago zabalik 676108794 telefono zenbakian.

Rio de Orok azaldu duenez, programa oso onuragarria da ume sahararrentzat, eremu horretako uda sasoi gogorretatik urruntzeko aukera eskaintzen die-eta. Era berean, egonaldiak osasuna, elikadura eta ezagutza garatzeko tartea eskaintzen diela gogoratu dute. Eta umeei bakarrik ez: harrera familientzat ere aberasgarria izaten dela azpimarratu dute. Modu honetan zerrendatu dituzte egoera bata eta bestea

Ume sahararrentzat onurak:

  • Haien osasun egoera hobetzen dute, bai azterketa medikuak medio, baina baita elikadura egokiari esker ere.
  • Errefuxiatu kanpamentuak ez diren beste errealitate bat ezagutzen dute.
  • Haien bizitokian ezinezko diren ekintzak egiten dituzte, gaitasun pertsonalak eta etorkizuneko aukerak hobetuz.
  • Hizkuntza berri bat (edo bi) ikasten dituzte.
  • Lagun berriak egiten dituzte, bizitza osorako.
  • Bigarren familia bat dute: lehendabizikoa Saharan, eta berria Euskal Herrian.

Familia euskaldunentzako onurak:

  • Familiako kide berri batekin uda ahaztezin bat pasatzen dute.
  • Gerora, harreran hartutako haurraren familia ezagutzerakoan kanpamentuetara bidaiatzeko aukera izaten dute, eta haiek ere Saharako bigarren familia bat osatzen dute.
  • Familia euskaldunetako haurrak aniztasuna kudeatzen ikasi eta elkartasuna eta enpatia bezalako baloreak lantzen dituzte.
  • Errealitate ezberdin bat ezagutu eta kultura berri batekin elkarbizitzen dira.
  • Bizitzako egoera ezberdinak beste begi batzuekin begiratzen ikasten dute eta arazoak erlatibizatzen laguntzen die.
  • Saharar Herriaren egoera zuzen-zuzenean ezagutzen dute eta haien egoera bidegabearen bozgorailu bihurtzen dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!