"Saharako herriak inoiz baino laguntza gehiago behar du". Halantxik adierazi dute goiz honetan Euskal Karabana Solidarioaren bultzatzaileek. Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek, Rio de Oro elkarteko arduradun Mikel Del Arcok eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzako azpizuzendari Fatma Labiadek aurtengo kanpainako zehaztasunak eman dituzte goiz honetan, Durangoko udaletxean.
Urtero legez, oinarrizko elikagaiak bidaliko dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara: aurreikuspenen arabera, bost bat trailer bete elikagai, baita anbulantzia bat eta 4x4 ibilgailu bat ere. Eta ibilgailu horiek guztiek Durangotik irtengo dute lehenengo aldiz; eskualdeko herriburua izango da, beraz, kanpainako elkargune. Antolatzaileek ez dute irteera data oraingoz zehaztu, baina martxo hasieran bidaliko dituzte trailerrak. Edozelan ere, Durangaldeko bilketa egutegia, bai, argitu dute: eskualdeko herritarrek otsailaren 4tik 16ra bitartean eman ahalko dituzte dohaintzan sahararrentzako elikagaiak, ikastetxeetan, kiroldegietan zein supermerkatuetan. 100 tona elikagai bidaltzeko aurreikuspena egin dute antolatzaileek.
50 urteko injustizia
"Herri sahararrak 50 urte daramatza injustizia, erbestea, tortura, gerra, sufritzen. Orain, horri guztiari osasun krisialdi bat eta hondamendi naturalak batu zaizkio, iazko urrian uholde handiak izan ziren-eta han", adierazi du Mikel Del Arcok. "Hori guztia dela eta, momentu honetan, elikagaien larrialdia eta larrialdi humanitarioa bizi dituzte Saharan. Fronte Polisarioak dioenez, orain, elikagaien krisialdia da gatazkaren alderik okerrena". Fatma Labiadek ere azpimarra egin dio horri, eta gaineratu du laguntza solidariorik barik, herritarrek ezingo luketela aurrera egin. Mireia Elkoroiribe alkateak azpimarratu duenez, "bada garaia Saharako herriak lurraldea, itsasoa, baliabide naturalak eta duintasuna berreskuratzeko". Alde horretatik, kanpaina solidarioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Durango erdigune
Esan bezala, Euskal Karabana Solidario osoak Durangotik irtengo du aurten. Alkateak azaldu du "ohore handia" dela udalerria elkartasun egitasmoaren abiapuntu izatea. Era berean, udalerriak orain arte izandako konpromisoa berretsi du: "Durangok eta Euskal Herriak urte askoan agertu dute Sahararekiko konpromisoa. Kanpaina honekin, arreta eta laguntza hori berretsi gura ditugu", azaldu du. Fatma Labiadek ere eskerroneko berbak izan ditu: "Durango udalerri beteranoetako bat da gu laguntzen, udalen artean izarra. Euskal Herriak beti lagundu gaitu era desinteresatuan. Koordinakundearen izenean eskerrak eman nahi dizkiet denei", esan du.
Antolatzaileek Durangaldeko eta eskualdetik kanpoko herritarrak deitu dituzte kanpainan parte hartzera eta elikagaiak dohaintzan ematera.