"Beti hurbil sentitu dudan lekua da Azoka"

Aritz Maldonado 2024ko abe. 13a, 13:00

Irati Bazeta abadiñarrak aurtengo Sormen Beka irabazi du 'Euskara jendea' gaitzat emandako proiektuagaz, eta orain urtebeteko epea du esku-hartze artistikoa egiteko. Margogintza landuz dozena bat pieza sortuko ditu eta 60. Durangoko Azokan erakusketa egingo du.

Artista abadiñarrak aurkeztu duen proposamena Hariaren isla da eta 15.000 euroko beka jasoko du lana egiteko. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen duten zazpigarren deialdia izan da hau. Sortzaile berrien bidelagun izateko beka honek bere helburua betetzen duela nabarmendu du Nerea Mujika Gerediagako presidenteak: "Gazteen lanek erakusleiho bat izatea gura genuen eta horrela izan da orain arte". 59. Durangoko Azokan Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila aurkeztu dute, iazko sariduna.

Zer da Hariaren isla?
'Euskara jendea' zen gaia eta lan piktoriko bat aurkezteko aukera zegoen; hortaz, margogintzaren bitartez, gaia kontuan hartuta euskarari buruz hausnartzea eta eragitea gura dut. Nor da euskara jendea? Badugu kontzientzia linguistikorik? Bizi dugu hizkuntza estresa? Zein momentutan? Euskarara heltzeko denok ditugu baliabide berdinak? Margolan batzuk egin gura ditut, hamar bat lan edo, eta atal desberdinak egongo dira. Kontzientziari buruzko bat, hizkuntza ibilbideen inguruko bat... Hainbat ideia dut buruan, eta zirriborroak lantzen nabil, koloreak aukeratzen eta. Datorren urtean museoan bertan aurkeztuko dut.

Horrelako beka bat jasotzeak zenbat babesten du artista?
Sekulako aukera da. Baliabideak ematen dizkizu, plaza bat, denbora... Egia esateko, ez nuen espero inondik inora lortzea, baina proiektua aurkeztu nuen eta gaur hemen nago.

Beka hau jaso duen Durangaldeko lehenengo artista zara. Horrek jendea parte hartzera animatuko duela uste duzu?
Durangoko Azoka beti hurbil sentitu dudan lekua da eta horrek ere laguntzen du aurkezteko pausoa ematera. Ez dakit nik jasotzea aurrekaria izango den, baina, funtsean, eskualdekoontzat hurbileko plaza da eta urtero gabiltza hemen aurrera eta atzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!