Valentziako hondamendia

Elkartasun uholdea eskualdetik Valentziara

Ekaitz Herrera 2024ko aza. 8a, 09:30

Denboraleak aurrekaririk bako hondamendia eragin du Valentziako (Herrialde Katalanak) gune metropolitarreko hainbat hiritan. Horren aurrean, Durangaldeko herritarrek elkartasunez beteriko egitasmoak antolatu dituzte kaltetuei laguntzeko. 

Edonor makurrarazteko modukoak dira Valentzia aldetik Euskal Herrira egun eta gau heltzen dabiltzan irudi eta datuak. Joan zen urriaren 29an, aurrekaririk bako denborale batek neurribako uholdea eragin zuen Valentziako erkidegoko Turia ibaiaren arroan, eta erauntsi hark maldan behera topaturiko herri eta hiri guztiak harrapatu zituen ibilguan zehar. Tartean, Valentzia hiriburuaren metropoliko hiri ugari. Orain, hondamendia gertatu eta astebete pasatxora, biktimen eta hildakoen kopurua gora doa etenik barik. Espainiako gobernuak eguen eguerdian emandako datuen arabera, 219 dira oraingoz hildakoak, eta 89 desagertu aktiboak (azaroak 6). Horrez gainera, uholdeak kalte material izugarriak eragin ditu hirietako azpiegituretan, lotuneetan, errepideetan, saneamenduan, ur hoditerian eta argindar sarean, eta ez atzera ez aurrera utzi ditu milaka herritar. Espainiako gobernuak hondamendi eremu izendatu ditu kalteturiko eskualdeak.      

Dena dela, irudiak edonor makurrarazteko modukoak diren arren, herritarrek elkartasun uholde bategaz erantzun diote denboralearen erauntsiari. Txarrenari onena ateratzeko borondate osoagaz, Durangaldeko herritarrak arin batean antolatu dira Valentziako herritarrak babesteko. Laguntza eskaintzera bertaratu dira asko, eta oinarrizko elikagaiak eta materiala bidali dituzte hemendik hara beste askok. Suhiltzaileak ura ponpatzeko makinekin joan dira Valentziara, eta hara joateko aukerarik izan ez duten herritarrek dohaintzak egiteko moduak topatu dituzte norbanakoek zein instituzioek antolaturiko bilketa solidarioetan.

Mallabitik boluntario talde bat joango da gaur Valentziara beharrizana duten lekuetan laguntzera eta bildu dituzten produktuak eta janaria bertan entregatzera. Bestalde, Berrizko, Abadiñoko eta Iurretako udalek gomazko botak bidali dituzte Valentziara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!