Valentziako hondamendia

"Herritarren lan boluntarioa eta elkartasuna txalogarriak dira"

Anboto 2024ko aza. 8a, 09:30

Auxkin Perez de San Roman eta Javi Martinez.

Auxkin Perez de San Roman Iurretako suhiltzaileen parkeko kidea da. Valentziako herritarrei laguntzeko boluntario bila hasi zirenean ez zuen dudarik izan eta izena eman zuen. Hainbat egunetako egonaldia egin du han, egun eta gau, lanean.

Zelakoak izan dira Valentzian egindako egunak?
Guztiz kaltetuta dagoen gune batean egin dugu egonaldia, hiriburuaren kanpoaldeko Massanassa herrian. Traktoreak jo eta ke ibili dira hango lupetz guztia ateratzen eta piloak egiten. Suhiltzaileak, poliziak eta militarrak ikusi ditugu, eta baita honen guztiaren alderdirik politena ere, herritarrak, jende boluntarioa, borondate osoz lanean. Bestalde, igarri dugunez valentziarrei egonezina sortu die auziaren kudeaketa politikoak.  

Zein izan da zure zeregin nagusia?
Eraikinetatik ura ateratzea. Izan ere, instalazio guztiak lupetzez trabatuta daude. Kalean hogei bat zentimetroko lupetz geruza dago, baina hoditeria goitik behera dago trabatuta. Eta hori konpontzen kamioi ugari egon arren, frustrazioz beteriko zeregina da. Izan ere, leku batetik ura kentzerakoan, askotan, gura barik, beste eremu batzuk bete ditzakezu urez.  

Suhiltzaileek egoera gogorretan esku hartzen duzue. Valentziakoa zelakoa da?
Telebistako irudiak ikusita ohitzen gabiltzala dirudi. Thailandiakoa ere, adibidez, telebistatik ikusi genuen. Baina gero errealitatea zure begiekin ikusten duzunean eta hemen gertaturiko txikizioa zelakoa den ikusten duzunean, izugarrizko hondamendia ikusten duzu.

Egoera gogor honetatik posible da bizipen positiborik ateratzea?
Honegaz guztiagaz zerikusirik ez duen jendea boluntario lanetan ikustea oso polita da. Jendearen elkartasuna txalotzeko modukoa da. Hemen ezagunik ez daukaten herritarrak dira asko, hemen bizi ez direnak, soldata justifikatu beharrik ez dutenak. Adibidez, gazte kuadrilla asko etorri da laguntzera. Lupeztuta daude goraino, baina ilusioz lan egiten dute. Hori oso polita da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!