Valentziako hondamendia

"Jendearen erantzunagaz oso eskertuta gaude"

Anboto 2024ko aza. 8a, 09:30

Oihane Sebastian eta Alaitz Sepulveda.

Alaitz Sepulveda durangarrak bere etxea legez sentitzen du Valentzia. Inguru hartan bizitako hondamendia ezagutu zuenean, berehala ekin zion lanari. Pitxi tabernan laguntzarako puntua zabaldu zuen, dena Valentziara eramateko. Ez zuen imajinatu ere egiten durangarren erantzuna hainbesterakoa izango zenik. Kamioia alokatu eta Oihane Sebastian orozkoarragaz Valentziara eraman dute baturiko dena. Hainbat tona produktu bere garajean geratu da, garraio bideren bat topatu bitartean.

Zelan sortu zen ekimena martxan ipintzeko asmoa?
Alaitz Sepulveda: Erizaintza ikasketak egin nituen Valentzian, eta hainbat lagun dut han. Nire etxea balitz legez sentitzen dut. Gertaturikoa ikusita, zeozer egin behar nuela pentsatu nuen. Pitxi tabernan janaria eta produktuak batzeko leku bat egokitzea bururatu zitzaidan.

Erantzun hau espero zenuen?
A.S. : Ez, itzela izan da. Zapatutik astelehenera jendearen joan-etorria etenbakoa izan da, produktuak ekartzen. Botikak, janaria, umeentzako materiala, ura, fardelak.... Enpresa batek hainbat ontzi ekarri digu, esate baterako. Hasieran gauza gutxi batuko nuela pentsatuta, autobusean maleta batean eramatea pentsatu nuen. Gero, harrera ikusita, agian furgoneta bat beharko nuela ere bururatu zitzaidan, eta begira, kamioia alokatu behar izan dugu. Geratzen diren produktuak garraiatzeko, 15 tonako trailerra hartzea pentsatzen gabiltza.

Gauza guztiak kamioian sartu ahal izan dituzue?
A.S.: Ez, 15 bat tona garajean ditut, beste bidaia batean eramateko. Pentsatu egin behar dut zelan egin. Alokatu dugun kamioiak gehienezko pisua hartu du eta ezin izan dugu dena eraman.

Oihane, zelan batu zara proiektura?
Oihane Sebastian: Alaitzen laguna naiz eta laguntzera etorri naiz. Oso sentsazio onagaz etorri gara Valentziara. Denerik lortu dugu valentziarrei laguntzeko eta pozik gaude. Jendaren erantzunagaz oso eskertuta gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!