Olatz Mercader Izan Inurriko kideak argi eta garbi dio. Urriaren 19a ailegatzen den aldiro, nazioartean Bularreko Minbiziaren Eguna gogoratzen den aldiro, "ikaragarrizko amorrua" sentitzen du supermerkatuetako apalak ikusita. Egun horren bueltan, emakumeei zuzentzen zaizkien higiene eta kosmetika produktuak arrosa kolorez bilduta eta jantzita egoten direla dio. Enpresek bularreko minbiziaren kontrako konpromiso bat gizarteratu gura dute, baina, Mercaderren esanetan, kontua oso bestelakoa da. "Onartu beharra daukat minbizia izan dudan arte tranpa guztietan erori naizela: ur botila arrosak erosten nituen, ilea orrazteko plantxa bat erosi nuen, arrosa kolorekoa hau ere, eta dena erosketa horren dohaintza zati bat minbiziaren ikerketarako zela pentsatuta. Baina gaixo nagoenetik ikaragarrizko amorrua sentitzen dut horren guztiaren atzean ezkutatzen dena jakinda. Enpresek minbiziaren oso irudi edulkoratua ematen dute. Gaixotasuna era izugarrian infantilizatzen dute. Eta, gainera, ez dute inolako gardentasunik ematen dohaintza horiek nora bideratzen dituzten argitzeko. Ausoniak, adibidez, honako hau dio: erositako konpresa pakete bakoitzagaitik minutu bateko psikoterapia saioa oparituko diogu bularreko minbizia duen bati. Iraingarria deritzogu", azaldu du.
Sufrimenduari etekin ekonomikoa ateratzeko asmo bat ikusten du Mercaderrek horren guztiaren atzean: "Produktu kosmetiko asko minbizia eragiten duten substantziekin osatuta dago, baina, aldi berean, produktu horiek saltzen dizkigute diruaren zati bat minbiziaren kontrako ikerketara bideratuko dutela esanda". Horren aurrean, prebentzioari begirako "hausnarketa serio bat" bultzatzera deitu du. "Ederra litzateke haien produktuetatik gaixotzen gaituzten elementu guztiak kenduko balituzte", gaineratu du Izan Inurriko kideak.