"Badirudi gizarteak bizkarra eman nahi diola sufrimendua darion guztiari, ezkorra den guztiari. Baina uste dut minbiziari aurrez aurre begiratzen ikasi behar dugula, hori ere bizitzaren zati delako", dio Olatz Mercader zarauztarrak. Mercader Izan Inurri elkarteko kideetariko bat da, "inurrietariko bat". Eta eguenean Abadiñon egon zen, beste hainbat kidegaz batera, gaixotasunak inposaturiko isiltasuna eta tabua apurtzen.
Izan ere, elkarteko kideen iritziz behar-beharrezkoa da minbiziaren gainean eraikita dagoen errelatoa aldatzea: "Minbiziarekiko begirada berri eta disruptibo bat behar dugu, osasun sistema askoz ere hobeto konpontzen delako gaixotutako zelulekin, pazienteekin baino. Hau da, sistema oso abila da gure minbizidun zelulak tratatzen; ondo erretzen ditu, ondo pozoitzen ditu, ondo mozten ditu. Baina sistema ez da jabetzen zelula horiek pertsona batengan bizi direla", azaldu du. Eta elkarteak hor ipini gura du fokua, hain zuzen ere: "Minbiziaren gaur egungo ikuspegi mekanizista" aldatzean. Nondik hasi? "Dimentsioak ugari dira", Mercaderren esanetan, eta hari mataza erraldoia askatzeko muturretariko bat tratamenduen ostekoari erreparatzea izan daiteke. "Tratamenduak oso albo-kalte gogorrak ditu eta ez zaizu inolako baliabiderik eskaintzen horri guztiari aurre egiteko. Ez da bitartekorik ipintzen honelakoak lantzeko: tratamenduaren albo-kalteei hobeto eusteko elikadura, fisioterapia, ariketa fisikoa, osasun mentala edo sexualitatea. Aipaturiko horiek guztiak osasun sisteman era integralean eta doan eskaini daitezen aldarrikatzen dugu. Izan ere, gu guztiok suntsituta geratzen gara eta zerotik berreraiki behar izaten dugu dena", gaineratu du Mercaderrek. Prozesuagaz apurtuta geratu den beste inurrietariko bat Yolan Ibarloza ondarroarra izan da. Ibarlozari iazko ekainean heldu zitzaion "tsunamia", sendagileak diagnostikoa komunikatu zioenean. Bularreko minbizia bigarren fasean sartuta zeukan. "Diagnostikoak lur jota utzi ninduen. Ez nuen indarrik ez jabetzarik ahoz eta ozen minbizia nuela esateko. Kontsultarik kontsulta eta probarik proba aurrera zoaz, baina nora zoazen ondo jakin barik", adierazi du Ibarlozak. Eta, halako batean, nebak eta beste ezagun batek gomendatuta, Izan Inurriren podcastak entzuten hasi zen. "Euretariko batek honako izenburu hau dauka: Ez zintudan espero. Eta guztiz engantxatuta geratu nintzen, oso-oso identifikatuta sentitu nintzen. Neure buruari esaten nion: ez naiz bakarra! Hemen agertzen direnek ulertu egiten naute! Babesa sentitu nuen", azaldu du Ibarlozak. Eta orain pozik dio: "inurria naiz".
Podcastek ahalbidetutako babesagaz gainera, Ibarlozak garrantzia eman dio elkarteak antolatzen duen jardunaldi, tailer, egonaldi eta erretiro bakoitzari. "Halako saioetan, bakoitzak bere prozesuari buruz berba egiten du, norbere bizipenak partekatzen dira, doluari zein sexualitateari buruz berba egiten duzu zu bezalakoekin", azaldu du. Eta podcasten bitartez lorturiko ulermenari beste zerbait gehitu zion orduan: "babesa". "Guztiz babestua sentitu izan naiz halako jardunaldietan. Gainera, espazioa partekatzen duzunez, hartu-emanak egiten dituzu, aisialdirako tarte bat hartzen duzu. Beste horren kezkak, interesak, beldurrak, partekatzen dituzu. Eta, orduan, zure moduko hainbeste jende ikusita, babes hori beste fase batera igarotzen da. Ahaldundu egiten zaitu", gaineratu du.
Ahalduntze horren beste ataletariko bat Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatuetan bizi izan du Ibarlozak: "Bertso saioen amaieran, elkarteko kide batzuk oholtza gainera igo izan gara. Eta hor mezu bat plazaratzen dugu: ez gara bakarrak, hemen gaude, bizi gura dugu, hil arte bizi gura dugu, eta bizi gura dugu hainbeste negarrik egin barik eta hainbeste medikaziorik hartu barik. Horrek guzti horrek aurrera jarraitzeko eta bizitzeko indarra eman dit. Bestela, badirudi gainean kondena bat duzula ezarrita". Alde horretatik, Yolan Ibarlozak bere egiten du laster Izan Inurrik kaleratuko duen dokumentalaren izenburua: Hil arte bizi. "Minbizia heriotzagaz lotzen dugu. Zoritxarrez, gauzak, izan, horrela dira. Baina iruditzen zait bizitza tarte horri eman beharreko garrantzia galdu egin dugula. Hau da, ez gara diagnostikoa jasotzeagaz batera hiltzen. Ez. Hiltzen garen arte bizi gara. Horregaitik da inportantea Izan Inurrik egiten duen lana, ikuskera aldatzeko, heriotzean bizitza dagoela eta bizitzan heriotza dagoela ulertzeko", azaldu du Ibarlozak.
Izan Inurri, datuetan eta zenbakitan Izan Inurrik minbizia normalizatzeko lan egiten du, tabuetatik aske eta ikuspegi feministagaz. Dohaintzak ikerketara Emakumeak ardatz • Horietatik %89k elkarteak antolaturiko ekintzetan parte hartzen dute. Horri eskerrak, laguntza hurbila eta etengabea eskaintzen diote elkarri, elkarlanean. Esku hartu duten emakumeen %82k 50 urte baino gutxiago ditu. Kultura eta dibulgazioa Sare sozialak Facebook: Iñurri |
Izan Inurri, iruditan
Elektropottotte elektrotxarangak Iñurri Egunean jo zuen. IRATXE ETXEANDIA
Iñurri Eguna. Izan Inurrik orain bost urte hasi zuen bere ibilbidea, eta aurten ospatu du bere lehenengo Iñurri Eguna. Irailaren 7an egin zuten, Usurbilen (Gipuzkoa).
Sandra Barkaiztegi inurria 'Tabuen kutxatik oholtzara' saioan. I.E.
Tabuen kutxatik oholtzara. Izan Inurrik Tabuen kutxatik oholtzara izeneko bertso saio musikatu eta solidarioa antolatzen du. Bertso saioagaz, gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna apurtzen dute, minbiziari plazaren erdigunea eta ahotsa eskainita.
Elkartearen podcast saio bat. IZAN INURRI
Podcastak. Izan Inurriko kideak podcastak aireratzen hasi ziren orain urtebete. Saio guztiak Youtuben daude ikusgai eta entzungai. Minbiziagazko begirada, bidelagunei buruzko hausnarketak, metastasia eta sexualitatea dira landu dituzten gaietariko batzuk.