"Zuzenean eroso eta gustura aritu gara"

Aritz Maldonado 2024ko uzt. 18a, 19:00

Nekktar hirukoteak jator punk legez definitzen du egiten duena, punk doinuak jarrera jatorragaz; gaur, Zaldibarko Goierri auzoko jaietan emango dute kontzertua.

Alaia Cruz (ahotsa eta gitarra), Ibon Azpiri (ahotsa eta baxua) eta Nerea Ugarriza (bateria) hirukotea dira Nekktar. Batxilergotik ezagutzen dute elkar, eta aurretik Alternaria eta Etsipen taldeetan aritutakoak dira. Azpirik Meison taldean ere jotzen du. Zuzenean kontzertu batzuk eman eta gero, uda osterako lehenenengo lana izango denaren grabazioa hasi gura dute. Kohatuko Joseba Romerok lagunduko die.

Jator punk legez definitzen duzue zuen musika.

Ibon Azpiri: Brometan sortu genuen etiketa. Punk rocka edo pop punka egiten dugu, baina letra eta jarrera jatorragaz, eta ondoen definitzen gaituen etiketa dela esango genuke. Denerik entzuten dugu, eta influentzia aldetik The Interrupters, Misfits eta Bleached aipatuko nituzke. Bertako musika asko ere entzuten dugu; talde batzuk aipatzearren: Zeker, Zikin, Tatxers, Zain eta Ezta Ilen.

Gustura orain arte emandako kontzertuekin?

Nerea Ugarriza: Hiru kontzertu eman ditugu eta oso gustura aritu gara. Apur bat urduri egon gara, batez ere Alaia eta biok, orain artean ez ditugulako instrumentu hauek jendaurrean jo. Baina, egia esateko, oso eroso aritu gara eta oso ondo zaindu gaituzte. Etxe inguruan izan dira kontzertuak, familiagaz eta lagunekin, eta horrek ere asko errazten du.

Gaur Zaldibarko Goierrin egongo zarete.

N. U.: Gaur Zaldibarren, eta aste bi barru Elorrioko Argiñetan. Etxetik hurbil oso eroso egoten gara. Auzo txikietako jaiak oso gustuko ditugu, eta Argiñetan ere, Alaia bertakoa izanda, gustura egongo gara. Etxean lez sentitzen gara horrelakoetan. Datozen asteetan Areatzara (Bizkaia) eta Zarautzera (Gipuzkoara) goaz; gure lehenengo kontzertuak izango dira Durangaldetik kanpora. Gogotsu gaude zelan moldatuko garen ikusteko, han ez dugulako hainbeste jende ezagutzen, eta zein sentsazio dugun ikusi gura dugu.

Bertsioak ere joten dituzue.

Alaia Cruz: Hiru bertsio jotzen ditugu, Amyl & The Sniffersen Hertz, Robynen Dancing on my own eta Hofe eta La Eliteren Vampireando. Arrazoi desberdinengaitik aukeratu ditugu, gehiegi pentsatu barik: taldea gustatzen zaigulako, ondo geratu zaigulako, edota bertsio punkian ondo jotzen digulako belarrira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!