Txapeldunek etxean hasiko dute garaikurraren defentsa

Anboto 2024ko mai. 24a, 18:00

Elorrio futbol taldeko jokalariak Euskal Kopako garaikurra jasotzen, iazko finalean. (Argazkia: Euskadiko Futbol Federazioa)

Elorrio futbol taldeak Euskal Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du domekan, Eleizalden.

Aurretik duen erronka ez da makala. Elorrio futbol klubak Euskal Kopa irabazi zuen iaz eta aurten garaikurra defendatzea egokitzen zaio. Lehenengo koxka gainditu du, liga laugarren amaitu eta Koparako sailkatuta.

Bigarren koxka domeka honetakoa da. 17:00etatik aurrera Euskal Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du etxean, Eleizalden, Hernani taldearen kontra. Elorriarrak faborito dira ligako seigarren sailkatuaren kontra, baina partidu bakarrera edozer gertatu daiteke. Euskal Ligan golik gehien sartu duen bigarren jokalaria den Itsasne Larruskain elorriarra —32 partidutan, 28 gol— baja izango da, lesio bategaitik.

Durangoko azken fasea

Hernani kanporatzen badu azken fasera sailkatuko da. Hortik aurrera datorrena etxetik kanpora jokatuko du Elorriok, baina etxetik gertu, eskualdean bertan. Izan ere, aurten Durangoko Tabira futbol zelaiak hartuko du azken fasea. Gainerako final laurdenak honako hauek dira: Reala C-Zarautz, Alaves B-Ugao eta Eibar-Pauldarrak. Garaikurra jasotzeko faborito nagusia Alaves B da. Ligan jokatutako 34 partiduetatik 31 irabazi ditu eta 15 puntuko aldea atera dio Reala C bigarrenari.

Finalerdiak maiatzaren 31an izango dira eta bi talde onenek ekainaren 2an jokatuko dute final handia.

Gazteak eta kadeteak

Mutilen gazte eta kadete mailako txapeldunak ere Durangon erabakiko dira. Gazteen Euskal Kopako finalerdiak eta finalak ekainaren 7an eta 9an dira, hurrenez hurren. Ez dago Durangaldeko talderik sailkatuen artean. Kadeteen Lauko Finala asteburu bat geroago helduko da, ekainaren 14an eta 16an, hain zuzen.

Kanporaketak erabakitzeko zozketa Durangon egin zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!