Durango euskal futbolaren erdigune bihurtuko da ekaineko lehenengo hiru asteburuetan. Euskadiko Futbol Federazioko eta Durangoko Udaleko lankidetzari esker, Tabira futbol zelaian erabakiko dira emakumeen Euskal Kopako eta mutilen kadete nahiz gazte mailetako irabazleak.
"Gure herriko txoko guztiak kirolez, bizitzaz eta pasioz beteko ditugu", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak aurkezpen ekitaldian. Ekimenerako aukeratu duten 'Durango Euskadiko Futbolaren Egoitza' leloa, "leloa baino gehiago" dela adierazi du alkateak. "Egoitza bat baino gehiago izan gura dugu. Euskal futbolaren etxea izan gura dugu". Euskadiko Futbol Federazioko presidentea den Javi Landetak Durangok horrelako ekimen bat hartzeko dituen ezaugarriak goraipatu ditu (kokapen geografikoa, besteak beste) eta denboran iraungo duen lankidetza izatea espero duela adierazi du.
Lauko Finalak maiatzaren 31tik ekainaren 16ra arteko hiru asteburuetan jokatu dira, ostiraletan eta domeketan. Egutegia honako hau da:
Emakumeen Euskal Kopa
- Maiatza 31, arratsaldez: finalerdiak
- Ekainak 2, goizez: finala
Gazteen Euskal Kopa
- Ekainak 7, arratsaldez: finalerdiak
- Ekainak 9, goizez: finala
Kadeteen Euskal Kopa
- Ekainak 14, arratsaldez: finalerdiak.
- Ekainak 16, goizez: finala