Zornotzan eta Elorrion ere pantaila erraldoiak ipiniko dituzte Errege Kopako finala jarraitzeko

Anboto 2024ko api. 3a, 18:00
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen (@AthleticClub)

Zapatuan, 22:00etan, Errege Kopako finala jokatuko da Sevillan, Athletic-en eta Real Mallorcaren artean.

Zornotzan eta Elorrion pantaila erraldoietatik jarraitu ahalko da Errege Kopako finala. Horrez gainera, arratsaldean zehar hainbat ekintza antolatu dituzte giroa berotzeko.

Zornotzako Udalak k 6x4 metroko pantaila erraldoia jarriko du Zelaieta parkean. Partidua 22:00etan hasiko den arren, Zelaietako jardunaldia 19:30etan hasiko da, familian gozatzeko antolatutako ekintzekin. Horrela, etxeko txikienek futbolean jolastu, eskulanak egin edota aurpegia margotu ahal izango dute horretarako antolatutako pintura-tailerrean. Partiduaren aurretik, atsedenaldian eta amaieran, halaber, DJ bat arituko da giroa alaitzen. Gainera, udalak hainbat sari banatuko ditu eta Athleticen produktu ofizialak ere zozketatuko ditu bertaratzen diren pertsonen artean. 

Elorrion, tabernariek eta Peña Athletic taldeak, udalaren laguntzarekin, 5x3 metroko argidun pantaila digitala egokituko dute plazan. Gainera, arratsaldetik piztuko dute giroa. 18:00etan txokolatada egingo dute, eta aurpegiak margotzeko txokoa ere egongo da. Ordu erdi beranduago elektrotxaranga batek jarriko du zuzeneko musika. 21:30ean, bestalde, zozketa eta sari banaketa egingo da.

Gogoratu behar da Durangon eta Abadiñon ere pantaila erraldoiak jarriko dituztela finala zuzenean eta lagun giroan ikusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!