Eskola elikadurarekiko duten posizioa argitzea eskatu diete alderdi politikoei

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 20a, 14:18

"Guk proposatutako eredua interesgarria zela adierazi ziguten arren, Hezkuntza Sailak ez du pausorik eman eskoletako elikadura eredua aldatzeko. Proiektua tiradera batean gordeta daukate", kritikatu du Berton Bertokoak.

Hauteskunde giroa berotzen dabilela eta, Berton Bertokoa dinamikako kideek eskola elikadurarekiko duten posizioa argitzeko eskatu diete alderdi politikoei. "Talde politikoek eskola elikadura osasuntsu, tokiko eta sasoiko batenganako duten konpromisoa ezagutu gura dugu, auziari irtenbide globala emateko", adierazi zuen Gaizka Agirre dinamikako kideak, atzo iluntzean Zabalarra eskolan egindako agerraldian. Hezkuntza Sailera ere zuzendu zituzten kritikak: "2021etik hona izandako bileretan, guk proposatutako proiektua interesgarria zela adierazi ziguten . Baina denbora tarte honetan ez dute pausorik eman. Badirudi proiektua tiradera batean gordeta daukatela". Alde horretatik, "berbetatik ekintzetara" pasatzea eskatu diete bai instituzioei, bai alderdi politikoei.

Berton Bertokoa dinamikak 2016an ekin zion eskola publikoetan sukaldeak ipintzea eskatzeko eta azpiegituretan tokikoak eta sasoikoak izango ziren elikagaiak kozinatu zitezen eskatzeko aldarriei. Bide horretan mugarri batzuk lortu dituzte. Zaldibarko eta Atxondoko eskolek sukalde propioa dute, eta Zabalarran hilabete batzuk barru izango dute, udan hasiko dituzte-eta bertan sukaldea ipintzeko lanak. Edozelan ere, Berton Bertokoak sukaldeak egiteko eta horietan tokiko elikagaiak kozinatzeko eredua berretsi du. Dinamikako kideek 2021ean aurkeztutako proiektuari heltzea eskatu diete agintari publikoei.

Berton Bertokoaren proiektua

Dinamikak egungo elikadura eredua aldatzeko proiektua aurkeztu zuen 2021ean. Eredu horren arabera, eskola bera arduratuko litzateke jantokian eskaintzen diren elikagaiak kudeatzeaz, eta baserritarren koordinazioaz arduratuko litzateke "udaletxeek, Mankomunitateak, Landa Garapenak edo administrazio publikoak kontratatutako" behargin bat. Proposamenak jasotzen duen beste atal bat menuen diseinuari buruzkoa da. Horren arabera, Durangaldeko eskola publikoetan 2.200 menu eskainiko lirateke egunero, 1.700 familiari zerbitzua emanda. Egitasmoak 1.755.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragingo luke, 698.000 eurokoa lehengaiei dagokioenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!