Ekainean sukaldea ipintzeko obrak hasiko dituzte Zabalarran

Anboto 2024ko ots. 26a, 16:19

Aurreikuspenen arabera, lanek hamalau hilabete iraungo dute. Tarte horretan jantoki zerbitzua bermatuta egongo dela jakinarazi du Durangoko Udalak. Bestalde, Frai Juan Zumarraga institutuan ere berrikuntza lanak egingo dituzte. Datorren urtean frontoia berrituko dute. 

Hezkuntza Sailak eta Durangoko Udalak elkarlana hasi dute herriko ikastetxe bitan obrak gauzatzeko. Batetik, Zabalarra eskolan, sukaldea ipini eta jantokia handitzeko lanak egingo dituzte. Behe-solairuari modulu berri bat gehituko diote, etorkizunean "janariaren prestaketa eta kontsumoa ikastetxean bertan" egin ahal izateko. Sukaldeaz gainera, biltegia, sukaldeko beharginentzako eta begiraleentzako aldagelak, hondakinen eremua, hozkailu-gela eta komun berriak eraikiko dituzte. Obrak egiteko aurreikusitako epea hamalau hilabetekoa da, eta Durangoko Udalak azaldu duenez, jantoki zerbitzua bermatuta egongo da lanek iraun bitartean. Hezkuntza Sailak ia 1.012.000 euroko aurrekontua prestatu du lanak gauzatzeko.

Bestalde, Frai Juan Zumarraga institutuan, frontoia berriztuko dute, egitura eta teilatua aldatuta. Horrez gainera, harmaila kenduko dute, eremua "ikastetxeko patioan hobeto integratzeko". Momentu honetan, instituzio publikoak proiektua lehiaketara atera ahal izateko pleguak prestatzen dabiltza. Obrak 2025ean hasi gura dituzte. Lanek lau hilabete irautea aurreikusi dute. 

Mireia Elkoroiribe alkateak udalak hezkuntzarekin eta hezkuntza azpiegiturekin dituen "konpromisoak" azpimarratu ditu: "Proiektu hauek ez dira azpiegituretan egindako inbertsioa bakarrik; gure etorkizunean, gure ikasleen osasun eta segurtasunean eta Durangon eskaintzen dugun hezkuntzaren kalitatean egindako inbertsioa dira", azaldu du alkateak.

Jon Gorriño Frai Juan Zumarraga institutuko zuzendaria, Mireia Elkoroiribe alkatea eta Jon Orbe Hezkuntza Sailaren Bizkaiko ordezkaria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!