Orain dala urtebete inguru Alpino Tabira mendi taldeak argitaratu zuen 'Ermitak bide Durangaldea bizi' liburuarekin hasitako bideari jarraituz, 2023 urteko ekintzen egutegian hainbat ibilbide proposatu dituzte. Aurrekoetan moduan, irteera honetan ere Durangaldeko "ondare ezkutua bistaratzea" dute helburu, mendi taldeak ohar batean azaldu duenez.
Hitzordu berria maiatzaren 20ko zapatuan izango da. Oraingo honetan Berriz, Elorrio, Abadiño eta Durangotik zehar ibiliko dira. Irteera puntua izango den Berrizera trenez helduko dira, eta bertatik ekingo diote Durango arteko zeharkaldiari. Durangoko tren geltokiaren barruan elkartuko dira, 08:30ean. 15 kilometro inguruko ibilaldian —400 metroko desnibel metatua—, Berrizko probalekuan orain dala 60 urte egindako apostu kuriosoa gogoratuko dute. Horrez gainera, Berrizko ermita bi, Elorrioko hiru eta Abadiñoko beste bi lotuko dituzte ibilian. Irteera doakoa izan arren, aurretik izena ematea komenigarria dela azaldu dute. Irteerari buruzko informazio gehiago LOTURA HONETAN eskuratu daiteke.
Bestalde, 'Ermitak bide Durangaldea bizi' liburua oraindik ere eskuragarri dago Durangaldeko hainbat liburudendatan eta baita Alpino Tabiraren bulegoan ere.