Durangoko Alpino Tabira Mendi Klubak Ermitak bide, Durangaldea bizi liburua aurkeztu du gaur Goienkalen duen lokalean. Liburua Durangaldeko bederatzi ibilbidek osatzen dute, denak ere bizkaieraz kontatuak eta gaztelaniara itzuliak. "Erraz irakurri eta gozatzeko moduko liburua da, xehetasun txikiz betea. Durangaldea ibiliaz ezagutzera bultzatu gura dugu, ondarea ezagutu eta bere garrantzia azpimarratu; maitatu, berau zaintzeko gogoa piztu", azaldu dute Alpino Tabirako kideek.
Mendi-kultur zeharbideak ibilbide sortaren funtsa berreskuratuz, mendi taldekoek urtean ibilbide bat planteatu izan dute euren ekintzetan. Eta, orain, une egokia iruditu zaie egindako lan hori bildu, eguneratu eta liburu formatuan kaleratu herriari eskaintzeko.
"Lan hau eginez, konturatu gara gure ondare natural eta kulturala hondatzen joan dela; askotan, desagertzeraino. Horregaitik, liburuak hausnarketarako bide bat zabaltzea gura dugu; irakurlea ibiltzera bultzatu gura dugu, inguruko ondarea ezagutzeko, bere garrantziaz jabetu eta berau mantentzeko beharra sentitzeko", adierazi dute.
Ermitak, hasiera edo helmuga
Ibilbideei lotura bat eman guran, ermitak baliatu dituzte, gertukoak eta aipaturiko ondarearen parte ere badirenak. Bederatzi ibilbideetarik gehienek Durangon dute irteera edo helmuga, eta, garraio publikoaren erabilera uztartuz, erraz egin daitezke. Liburuan, ibilbide bakoitzeko tokirik interesgarrienak, atseden guneak, iturriak eta bestelako osagai batzuk azpimarratzen dira. Gehigarri modura, igarotzen diren zenbait ondareri erreferentzia egiten zaie, jendearen testigantzetan edo aurkituriko askotariko artikuluetan oinarrituta.
Ibilbideok 10etik 20 kilometrora artekoak dira, eta horien zailtasun maila MIDE balioztapenean oinarrituta definitu dituzte. "Orokorrean, urteko edozein momentutan egin daitezke, osorik, familian zein lagun artean", azaldu dute.
Liburua 10 euro da bazkideentzat eta 15 bazkide ez direnentzat. Datozen egunetan inguruko liburu dendetan eskuragarri jarriko dute. Alpino tabernan eta mendi klubaren lokalean ere eskuratu ahal izango da.