Aurkezpena maiatzaren 25ean egin zenuten. Ordutik, zelako erantzuna jaso duzue?
Ibon Murua: Hasieran, bazkideei ale bana eman eta banaketa herriko eta gertuko liburu-dendetan egin genuen. Bideko pauso guztiak guk geuk eman behar izan ditugu, geure eskuekin egin baitugu liburu hau, argitaletxe baten laguntzarik barik; beraz, nondik jo asmatu guran gertuko liburu-dendetara jo genuen.
Ramon Castillo: Uste genuen baino erantzun hobea izan du liburuak, uste genuen baino gehiago saldu da. Azken finean, liburua bera oso ondo eginda dago, argazki aldetik eta testua bera ere txukun geratu da, eta itzulpena ere nahiko ondo. Orokorrean, sorpresa positiboa jaso dugu.
Ibilbideetatik harago doa liburua.
I.M.: Bai. Hala ere, hitzaurrean argi diogu ez garela paleontologoak, ez historialariak, ez gaietan espezializatuak. Handik eta hemendik informazioa biltzen joan gara, Gerediagaren eta beste hainbaten aldizkarietan aurkitu dugun informazioa batzen, eta ibilbideei txertatu diegu. Ez genituen ibilbideen azalpenak "orain eskumara, orain ezkerrera, orain hemendik joan behar dugu" esaldiekin bete gura. Liburua, ibilbideez gainera, inguruko istorioez eta irakurraldiaz gozatzeko eginda dago. Ez dago zertan bideak egin beharrik.
R.C.: Liburuan badago zati tekniko bat, lehenengo zatian. Baina narratiba ipuin baten antzeko kontakizuna da, gazte batek ondo ulertzeko modukoa. Bederatzi ipuin dira. Batzuetan jolasak planteatzen ditugu, irakurleak ibilbidean dagoen zeozer topatzeko ahalegina egin dezan; beste batzuetan, gure pentsamenduak azaleratzen ditugu, besterik barik… Liburuaren haria jolasetan dago, ez da mendiei buruzko liburuetan aurkitu daitekeenaren antzekoa..
Zer kostatu zaizue gehien liburua egiteko?
I.M.: Amateurrak gara honetan, eta zuzenketa motaren bat egin gura genuenean arazoak sortzen zituen maketazioan. Alde horretatik, maketatzaileek sekulako lana hartu zuten eta pazientzia handia eduki behar izan zuten. Beraz, ez da zuzena esatea Ibon eta Ramon direla egileak. Durangoko Azokan bete behar genuen fitxan, egilearen koadroan hainbat egileren izenak ipini ditugu. Auzolanean egindako lana da.
R.C.:Laguntza handia izan dugu. Pertsona askok osaturiko liburua da eta horiek denak dira emaitzaren parte.
Egin duzue liburuko ibilbiderik aurkezpena egin eta gero?
I.M.: Bai, zapatu goizak aprobetxatu ditugu ibilbide horiek egiteko, eta jende ugari etorri da. Esaterako, orain hiru aste egin genuen ibilbideetariko bat, eta 28 lagunek eman zuten izena. Normalean, dozena bat laguneko irteerak izaten dira. Ibilbidean zehar, liburuan agertzen diren konturen batzuk ere azaltzen ditugu.
Familiek egiteko modukoak dira?
R.C.:Ez bakarrik familiek, gazteek ere bai. Alpinon belaunaldi arrakala bat sortu zen, gazterik ez zetorrelako atzetik, eta liburua egiterakoan horixe izan da hausnarketetariko bat. Liburu honek gazteak animatzeko balio dezake. Durangaldeko inguruak ezagutzeko alde batetik, eta ibilbide txikietatik hasi eta afizioa hartuta gure taldeak egiten dituen irteeretara animatzeko bestetik.
Zer suposatzen du zuentzat Durangoko Azokan egoteak?
I.M.: Zabalkundea lortuko dugu, baina kontuan izan behar dugu liburu eta disko asko dagoela. Jendeak gure liburuan arreta jartzea espero dugu, eta ikustea Alpino ez dela Pirinioetara doan edo mendi altuetara begira dagoen taldea bakarrik. Gertuko gauzak ere egiten ditugula azaldu gura dugu. Modu honetara, liburua saldu baino gehiago, Alpino Tabira Mendi Taldeari ikusgarritasuna emateko balio badu poztuko gara.