San Prudentzio jaiak

“Oxford nire bizitza da. Gauza on asko eman dit eta oso gustura aritu izan naiz beti hemen”

Maialen Zuazubiskar 2023ko api. 25a, 10:00

Pedro Álvarez Sánchezek 34 urte egin ditu Traña-Matienako Oxford tabernako barra atzean. Maiatzaren 31n, erretiroa hartu eta itxi egingo du taberna. Bezeroek bere falta igarriko duten horietariko tabernaria da Pedro, tabernara doana beti esker oneko berba bategaz hartzen duen pertsona. 

Bizitza osoa ostalaritzan aritu eta gero, heldu zaizu erretiroa hartzeko momentua. 
Bai. 48 urte egin ditut ostalaritzan lanean, eta horietatik 34 Oxford tabernan. Lehenengo, Durangoko Dallas tabernan 10 urte egin nituen, eta gero beste lau urte Cambridgen. Horren ondoren, Oxford taberna hartu nuen. Dagoeneko heldu zait ostalaritzari agur esateko unea. 

Zer dela eta erabaki zenuen Traña-Matienan taberna hartzea?
Momentu hartan Cambridge tabernan nengoen lanean, eta bertako bazkideetariko bat, Javi, Oxfordeko jabea zen. Oxford taberna norbaitek hartzea gura zuela esan zidan eta neuri eskaini zidan. Probatzea erabaki nuen eta begira, 34 urte egin ditut bertan. 

34 urte pasatu dira taberna hartu zenuenetik. Denbora honetan mundua asko aldatu da, baina zuen tabernak berdin-berdin jarraitzen du. Zein izan da sekretua aldaketa garai hauetan bizirik irauteko?
Egotea, egoten jarraitzea, eustea eta pazientzia izatea. Horixe da gakoa, ez dago beste sekreturik. Azken batean, taberna batean jendeari den modukoa izaten utzi behar zaio, eta apurka-apurka, bakoitzari dagokion tratua emanez, norberaren eremura ekartzea lortzen da. 

Egia esan, 34 urte hauetan momentu gogorrak ere izan ditugu, eta batzuetan ez da erraza izan aurrera egitea. Baina une oro argi izan dut eutsi egin behar niola.

Oxfordeko kafeak eta kubatak bereziak dira.
Mimoz egiten ditugu eta bezeroek eskertu egiten dute. Kubatak egiterakoan, esaterako, ez gara sekula ere lukurrak izan. Behar den beste izotz botatzen dugu eta edaria bera ere gustu handiz zerbitzatzen dugu. Jendeari eskatzen duena ondo ematen badiozu, pozik izango duzu.

Zuenean adin eta mota guztietako jendea batzen da.
Bai eta elkar ondo ulertu dute beti, horixe da garrantzitsuena. Normalean jende nagusiak ordu bat du eta gazteak beranduago datoz. Baina, bai, euren artean elkarbizitzea lortu dugu eta niretzat oso garrantzitsua da hori. 

Esaterako, beti argi izan dut asteburuetan Matienan tabernaren bat zabalik egon behar zela gauez. Gazteei eta ez hain gazteei aukerak eman behar zaizkie; bestela, joan egiten dira herritik eta gauerako dena erdi hilda geratzen da. 

Goizez, arratsaldez edo gauez Oxfordera etorriz gero bertan aurkitzen zaitugu. Zuk ez duzu atsedenik hartzen?
Egunero hiru errelebotara lan egiten dut, goizez, arratsaldez eta gauez. Ordu asko. Nire atseden eguna eguaztena izaten da eta orduan ahalegintzen naiz atseden hartzen, baina, egia esan, ez dut denbora askorik horretarako. Orduak falta ditut atsedenerako. 

Zer eman eta zer kendu dizu tabernak?
Oxford taberna nire bizitza da. Gauza on asko eman dit eta oso gustura aritu izan naiz beti hemen. Kendu, familiagaz egoteko momentuak kendu dizkit. Horren falta igarri dut, baina hori eramaten ere ikasten da. 

Imajinatzen dut orain plan zerrenda luze bat izango duzula egiteko.
Nire emazteak nik baino gehiago. "Orain enteratuko zara", esaten dit. Egia esan, nire denbora librea umeek lez disfrutatzen dut; beraz, gogotsu nago orain arte egin ez ditudan gauzak egiteko. 

Amaitzeko, bezeroei mezuren bat bidali gura diezu?
Bai. Taberna honen arima direla eta izan direla. Eurak dira taberna egiten dutenak eta oso eskertuta gaude. Eurei eskerrak momentu on asko eramango ditut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!