Ostalariak psikologoak ere bazaretela diote.
Bai, eta bezeroa mozkortuta badator, orduan gehiago. Momentu horretan bere bizimodua konpontzea dagokizu. Mozkortuta ez dela inora ailegatuko adierazi behar diozu.
Medikua, psikologoa, tabernaria... Eta, hala ere, soldata bakarra.
Bai. Eta txarrena da ez duzula familia-mediku batek beste kobratzen.
Oxfordeko Unibertsitateak sona handia du. Traña-Matienakoak ere bai?
Abadiñoko jendea etortzen da, jakina. Durangoko jende asko ere bai. Bilbotarrak ere bai. Profil eta soziologia askotariko jendea batzen da gurean. Eta ni eroso nago aniztasun horretan. Kulturartekotasuna maite dut.
Zein garrantzia dute Traña-Matienako jaiek zuretzat?
Adinez aurrera noanez, ez askorik. Baina, bai, jai herrikoiak dira, auzo izaera dutenak. Gazte asko dator. Lanik gehien egiten den tabernetariko bat da gurea.
Asko aldatu da tabernan sozializatzeko modua?
Indibidualismoa geroago eta orokortuago dago, eta joera hori tabernan ere islatzen dela esango nuke. Lauko talde bat badator, bakoitzak berea ordainduko du. Ez dute denen artean botea ipiniko. Bakoitza bere kontura doa, alde horretatik.
Edariak ere aldatzen dabiltza. Esne eta marrubi zaporeko tekila, adibidez, indartsu dabil.
Hori txerrikeria hutsa da. Horrelako bi hartu eta komunean pasatuko duzu aste osoa.
Beti zerbitzatzen dituzu tragoak bezeroak zirikatuta.
Izan ere, aspertu egiten naiz tabernan. Seriotasun gehiegi dago. Jendea Andra Mariko elizpeko zutabeak baino zurrunagoa da.
Gura baduzu, lerro hauek aprobetxatu ditzakezu bezeroei adarra jotzeko.
Ondo portatzeko esango nieke, ondo pasatzeko, borrokarik ez sortzeko, elkar begirunez tratatzeko, ez edateko gehiegi, eta, ahal badute, ligatzeko. Eta txortan egiten badute, ederto.