Omenaldia sorpresa izan zen?
Bai, ez nuen espero. Sekretuan gorde zuten momentua heldu arte, eta ezustekoa hartu nuen. Ni partidu normal bat balitz lez joan nintzen Eleizaldera. Apur bat urduri nengoen, baina Alaves liderraren kontra jokatzen genuelako zen. Gainera, klubetik aurreratu zidaten Urrezko Baloiaren harira zerbait egin gura zutela, baina aurrerago izango zela, Alavesen kontrako partidua oso inportantea zelako. Bada, aldageletan geundela, zelairatu aurretik, Gontzal Aranak [entrenatzailea] apur batean geratzeko esan zidan. Gainerakoak zelaira joan ziren. Gontzalegaz partiduari buruz berba egin nuen. Jakina, bakarrik zelairatu nendin egin zuen. Irten nuen zelaira eta… sorpresa! Pasilloa egin zidaten. Biak Bat harrobiko gazteak ere han zeuden. Lehengusuak eta ahizpak dantza egin zidaten eta ilusio handia egin zidan. Gainera, harmailetan jende mordoa zegoen. Egun oso berezia izan zen niretzat eta oso eskertuta nago.
22 gol daramatzazu eta Euskal Ligako pitxitxia zara une honetan. Zure ibilbideko denboraldirik onena da?
Ez dakit onena den, baina onenetarikoa bai. 30 urtegaz, ez nuen espero gainera. Baina meritua ez da nirea bakarrik. Saria talde osoaren lorpena da. Denek gogor lan egiten dute nik golak sartu ahal izateko.
Urte batzuetan jokatzen jarraitzeko adina duzu, baina afizionatu mailan profesionaletan baino gatxagoa izaten da ibilbidea asko luzatzea. Zure ibilbidea azken txanpan dagoela uste duzu?
Azken txanpan nagoela uste dut, bai. Niri futbolak ikaragarri eman dit: lagunak, bizitako esperientziak… Baina, beste alde batetik, konpromiso handia eskatzen du, asteburuak lotzen dizkizu… Eta, tira, gazteei ere tokia utzi behar zaie gora igotzeko!
Elorrio ezin hobeto dabil aurten. Euskal Ligan hirugarren tokian zaudete. Aurtengo errendimendua sorpresa izan da?
Beti daukazu ondo ibiltzeko esperantza, baina denboraldiaurrea zelakoa izan zen ikusita, ez genuen espero. Azkenean, herri txiki bateko taldea gara, gure lanak ditugu eta oporretatik bueltatu ginenerako aste bi baino ez ziren falta liga hasteko. Ligako partiduetan amaitu genuen prestaketa. Ondorioz, ez genuen oso hasiera ona izan. Baina oso talde ona daukagu eta gorantz egin dugu. Blokeari eusteak asko esan gura du eta jokalari berriek asko eman diote taldeari. Baina taldearen sekreturik handiena gure arteko giro ona dela esango nuke. Giro on horrek beste guztia dakar.
Erasoko jokoaz gainera, defentsako lana ere azpimarratzekoa da. Elorrio golik gutxien jaso duen taldea da: 20 gol 28 partidutan. Atea hutsean mantentzeari funtsezkoa deritzozu?
Talde osoak lan egiten du defentsan. Atzea ondo zainduta dagoela ikusita, gorantz joatera ausartzen gara eta aurrera eginez gero golak heltzen dira. Azken batean, dena lotuta dago. Jokatzen duenak jokatzen duela, dena ematen duela da beste gako bat.
Harrobiko Biak Bat taldean neska asko dabil mailarik maila. Zein neurritan da garrantzitsua klub batentzat harrobi sendoa izatea?
Durangaldean Biak Bat-en moduko proiektu bat egotea altxor bat da, pozik egoteko modukoa. Mantendu eta indartu behar den zerbait da. Eurak dira etorkizuna eta hortik elikatzen joan behar dugu.
Sei jardunaldi falta dira liga amaitzeko: 18 puntu jokoan. Alaves B liderra 11 puntura daukazue eta Bizkerre B bigarren sailkatua 7 puntura. Zein da helburua?
18 puntuak irabaztea da helburua! Lehenengo itzulian izan genituen horrelako boladak, eta, beraz, zergaitik ez dugu orain beste bat izango? Liderra zuzenean igoko da mailaz, eta bigarrenak aukerak izan ditzake. Gatx dago, baina posible den bitartean borrokan jarraituko dugu. Lorpen indibidualak ere hor daude. Pitxitxi izatearena eta golik gutxien hartu dituenaren Zamora saria.
Bide horretako lehenengo oztopoa Anaitasuna taldea da, zapatuan, etxetik kanpora. Aurten, aurreko denboraldietan baino pattalago dabiltza azkoitiarrak. Irabazi beharreko partidua da?
Dena ematera joango gara, baina ez da partidu erraza izango. Belar naturaleko zelaia da, handia. Eurek ondo hartua diote neurria zelaiari eta horrek gauzak zailtzen ditu. Sailkapenari begiratuta bakarrik ezin zaitezke fidatu. Talde ona dira.