Imanol de la Sota, Ekaitz Molina, Imanol Torre eta Jon Ander Obeso Bigarren RFEF mailara igo dira Barakaldorekin

Anboto 2023ko mar. 18a, 19:05
Ezkerretik hasita: Imanol de la Sota, Ekaitz Molina, Imanol Torre eta Jon Ander Obeso

Talde bizkaitarrak liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan lortu du igoera.

Barakaldo Hirugarren Mailatik Bigarren RFEF mailara igo da gaur Azkoitian Anaitasuna taldea 0-1 menderatuta. Luzapenean sartu du garaipenaren gola. Durangaldeak ere badu zer ospatua igoera horretan: Imanol de la Sota entrenatzaile iurretarra (santurtziarra jaiotzez), Ekaitz Molina eta Imanol Torre abadiñarrak eta Jon Ander Obeso durangarra bertan dabiltza.

Urte batzuk Athleticen eman ostean, Imanol de la Sotak etapa berri bati ekin zion Barakaldon denboraldi hasieran eta sekulako lorpena eskuratu du.

Ekaitz Molina erdilari abadiñarrak lehenengo denboraldia du Barakaldon. Partidu gehienak titular jokatu ditu zelaian eman dituen 1.714 minutuek erakusten duten moduan. Bere ibilbidean igoera bat baino gehiago ospatu du 32 urteko erdilariak. 2018an, Bigarren B Mailara (gaur eguneko Bigarren RFEF-a) igo zen Durangoko Kulturalarekin eta 2021ean Bigarren Mailara igo zen Amorebietarekin.

Imanol Torrek eta Jon Ander Obesok adin berdina dute: biak 2000. urtean jaiotakoak dira. Torre Durangoko Kulturaletik joan zen Barakaldora denboraldi hasieran. Bere postu naturala erdilaria da, baina aurten ezker hegalean jokatu du sarritan. Titular jokatzen hasi zen, harik eta oineko lesio batek hileetarako zelaitik urrundu zuen arte. 884 minutu jokatu ditu Barakaldorekin denboraldi honetan.

Obesok Realaren egituran eman ditu urterik gehienak. 2021ean Real Sociedad C taldetik batu zen Barakaldora. Beraz, aurtengoa bigarren denboraldia du bertan. Lesioen ondorioz, defentsa zentral durangarrak ezin izan du beste bien adina jokatu: oraingoz 390 minutu daramatza.

Barakaldok sekulako denboraldia osatu eta liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan lortu du igoera. Orain arte, ez du partidurik galdu denboraldi osoan eta 25 partidutan zazpi gol bakarrik jaso ditu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!