Ekaitz Molina eta Imanol Torre abadiñarrek Barakaldo taldearekin jokatuko dute hurrengo denboraldian

Anboto 2022ko eka. 27a, 13:47
Ekaitz Molina eta Imanol Torre Lasesarre futbol zelaian. (Argazkia: barakaldocf.com)

Molina Gernikatik joan da eta Torre Durangoko Kulturaletik.

Barakaldo hurrengo denboraldiko taldea osatzen ari da eta hainbat fitxaketa iragarri ditu. Euretako bi abadiñarrak dira: Ekaitz Molina eta Imanol Torre.

Ekaitz Molina (Abadiño, 1990) erdilaria pozik dago Barakaldo taldeagaz hasiko duen etapa berriagaz. "Ilusioa. Horixe da Barakaldo klubetik helarazi didatena ondoen definitzen duen berba eta horrexek konbentzitu nau. Kluba merezi duen tokira bueltatzen saiatuko gara", adierazi du Molinak sare sozialetan.

Molinak 20 urtegaz debutatu zuen Hirugarren Mailan Durangoko Kulturala taldearekin. Sei denboraldi eman zituen bertan eta orduko Bigarren B Mailara igo zen Durangoko klubarekin. 79 partidutan 32 gol sartu zituen. Bere ibilbidean Berriz, Arenas, Iurretako eta Leioa taldeetan ere jokatu du. 2019/20 denboraldian Amorebieta taldeak fitxatu zuen eta denboraldi bitan 50 partidu jokatu zituen. 2020/21 denboraldian Bigarren Mailara igo zen urdinekin. Aurreko denboraldian Gernikan aritu zen, 15 partidu jokatu zituen Bigarren RFEF mailan eta handik heldu da Barakaldora.

Imanol Torre (Abadiño, 2000) ezker hegaleko jokalaria Athletic-eko kimuen taldean ibili zen umetan. Kadeteetan Abadiño klubean aritu zen eta handik Durangoko Kulturalera egin zuen salto. Kulturalagaz 19 urterekin debutatu zuen Hirugarren Mailan. Harrezkero 64 partida jokatu ditu  bertan. Azken denboraldian asko jokatu du Durangoko taldean: minutu gehien izan dituen laugarren jokalaria izan da eta 6 gol sartu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!