Orain, Biolurrek eta azterketan parte hartu duten kideek Duina izeneko proiektuan batu dituzte azterketako ondorioak. Lorturiko informazioagaz, ekoizleen duintasun ekonomiko eta soziala garatzeko abiapuntuak sortu gura dituzte. Eskubaratz proiektuko Nere Aspiazu Baskaran ekoizleak eta Patxikobasoko Urdaspal Alberdi Uriak erantzun diete galderei.
Zeintzuk dira ikerketan batu dituzuen datuak?
Urdaspal Alberdi Uria: Duina 11 ortugintza proiektuk egindako ariketa kolektiboa izan da. Ariketa horretan gure lanordu guztiak zenbatzen ahalegindu gara, lanordu horiek guztiak zein zereginetara bideratzen ditugun zehazten eta hortik eratorritako emaitzak islatzen. 12 ortuari zehaztu eta horien ekoizpena zelakoa izan den jaso dugu. Hau da, zenbat letxuga, zenbat piper eta zenbat tomate batu dugun adibidez, eta horiekin zer emaitza ekonomiko lortu dugun ikertu dugu.
Nere Aspiazu Baskaran: Irizpide modura, Eskubide Sozialen Kartak markaturikoa kontuan hartu dugu. Hau da, gutxienez 1.200 euroko 14 ordainsari jasotzea urtebetean. Soldata horietara heltzeko, barazkiek izan beharko lituzketen prezioak zeintzuk izan beharko liratekeen kalkulatu dugu.
Eta zein da ondorioa? Ailegatzen zarete Eskubide Sozialen Kartak markaturiko gutxienekora?
U.A.U.: Ez gara 1.200 euroko soldata horietara ailegatzen. Ikerketan parte hartu dugun 11 ekoizleen arteko batez besteko soldata gutxieneko horren azpitik dago. Lanorduei dagokienez, gure lanorduak Eusko Jaurlaritzaren nekazaritza aktibitaterako dekretuak markaturikoak baino gehiago dira. Beraz, ez gara gutxieneko soldatara ailegatzen eta markaturikoak baino ordu gehiago lan egiten dugu.
Errealitate horrek ekoizleak, nekazariak, erretzea ote dakar?
N.A.B.: Egindako ikerketan hori komentatu izan dugu. Jendea oso pozik hasten da ortugintza ekologikoan, gure lana maite dugulako, hain zuzen ere. Baina prekaritateari aldi batez eutsi diezaiokezu. Esaterako, 24 urte dituzunean eta lanean 4 urte daramatzazunean. Edo 30 urte dituzunean eta lanean urte bi daramatzazunean. Baina 10 urteko prekaritateari ezin diozu eutsi. Ni honetan sartu nintzenean gurasoenean bizi nintzen, lan bi nituen, aurrera egiten duzu. Zelanbait esateko, hasieran duzun ilusio horrek konpentsatzen du prekaritatea. Baina zenbat denboran eutsi diezaiokezu horri? Hamar urte hauetan jende asko ikusi dugu nekazaritza uzten.
Ikerketak jaso duen beste ondorio bat diru laguntzena da. Zuen diru sarreren %5,4 laguntzak dira.
N.A.B.: Diru laguntza kopuru horiek ikusita eman dezake gure lanak autonomia bat duela, hau da, ez duela diru laguntzekiko dependentziarik behar. Baina kontua da prekarioak garela. Gure ustez, diru laguntzak gizarteari eskaintzen dizkiogun onuren markoan ulertu beharko lirateke. Barazki ekologikoak eskaintzeaz gainera, ingurunea zaintzen dugu, ahalik eta tratamendurik gutxien erabilita. Diru publikoak ekonomikoki gure lanaren garrantzia nabarmendu behar du.
U.A.U.: Bai, gure lan egiteko moduak onurak eskaintzen dizkio naturari, ingurumenari, biodibertsitateari. Baina trukean jasotzen duguna ez da behar den bestekoa. Ez dakit hori diru laguntzek konpentsatu beharko luketen edo gure salneurrien igoera batek konpentsatu beharko lukeen. Puntu hori ez dut argi. Baina argi dago gure lanaren truke ez dugula jaso beharreko guztia jasotzen.
N.A.B.: Gero, onura naturaletatik aparte, onura sozialak daude. Gure salmenta kanalek komertzio txikia, azoka eta herriak bizirik mantentzea ahalbidetzen dute.
Salmenta kanal bakoitzak etekin ekonomiko desberdinak eskaintzen dizkizuete, ikerketaren arabera.
U.A.U.: Atera den ondorioetariko bat da merkatu plazetan ateratzen den etekina ez dela efizienteena. Otzarek eta kontsumo taldeek etekin handiagoa eskaintzen dute orokorrean, nahiz eta nire kasuan ez den horrela. Bestalde, interesgarriak dira denda txikiek, jatetxeek, eskaintzen dituzten etekin efizienteak. Hor egon daiteke bide bat. Gure produktuak eskoletako jantokietara edo egoitzetara zabaltzeko aukerarik izango bagenu, egoera asko hobetuko litzateke. Hori uste dut. Gainera, ekoizle berriak sektorera hurbiltzeko motibazio bat gehiago litzateke.