“Ekoizleok, batez beste, ez gara 1.200 euroko soldatara heltzen”

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 11a, 09:30

Durangaldeko ekoizleek lehendik ere antzematen zutena egiaztatu ahal izan dute Duina proiektuagaz. Orokorrean, eta batez beste, ez dira 1.200 euroko soldata poltsikoratzera heltzen.

Ikerketak Eskubide Sozialen Kartak markaturiko kopuruak hartzen ditu soldata duin baterako minimo modura: 1.200 euroko hamalau paga, urtean 16.800 euro gutxienez. Baina proiektuan inplikaturiko 11 ekoizleen batez bestekoa beherago dago. Urtean 14.990 euro poltsikoratzen dute. Eta ez hori bakarrik, markaturikoa baino %10 lanordu gehiago sartzen dute. Horren aurrean, zer egin? Produktuen prezioa igo? Ekoizleek ez dute argi. "Azterketan oso prezio desorbitatuek irten dute, eta argi dugu ez dugula aberatsentzako produkturik ekoiztu gura. Herritarrak elikatzeko gaude hemen. Baina nork ordaindu behar du kostuen gainkarga hori? Momentu honetan guk jasaten dugu, baina ez litzateke horrela izan behar. Azterketak gogoetarako puntu zabal bat uzten du hor", adierazi du Nere Aspiazuk. 

Batetik, "gizarte erantzukizuna” ere badagoela azpimarratu dute. Ikerketan parte hartu duen eskualdeko beste ekoizle bat Jon Bastante zornotzarra da, Ibarra baserriko laboraria. Honako gogoeta hau egin du: "Koronabirusa goia jota zegoenean, oso inportanteak ginen antza. Ukrainako gerra hasi zenean ere, oso inportanteak ei ginen. Badirudi gizartea eta kontsumitzaileak momentu puntualetan akordatzen direla gugaz. Baina gero ez dago desirarik edo gaitasunik elikadura lokala zaintzeaz arduratzen direnen figurak, ekoizle txikiak eta baserritarrak mantentzeko". Urdaspal Alberdik ere ildo horretatik partekatu du hausnarketa : “Guk gizarteari eskaintzen diogun dena kontuan hartuta, gure produktuekiko eskariak hor egon behar duela uste dugu. Durangoko merkatuan ikusten dut zapatuetan. Sei lagun egoten gara ortuari ekologikoak saltzen, eta kosta egiten zaigu. Gizarteak, orokorrean, erosketa eta kontsumo ohiturak aldatu beharko lituzke. Ondora begiratu behar du, inguruan zer ekoizten den eta zelan ekoizten den erreparatuta”, adierazi du Alberdik. "Hori bai, bezero fidelak ditugu, astero-astero datozenak; zoragarriak dira", gaineratu du.

Prezioaz gainera, baina, lanordu kopurua dago. Duina ikerketak ondorioztatu duenez, era ekologikoan lan egiten duten ekoizleek Eusko Jaurlaritzako nekazaritza dekretuak markaturikoa baino %10 ordu gehiago sartzen dute urtean, batez beste. Kasu batzuetan, ordu kopuruak %53 egiten du gora

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!